argia.eus
INPRIMATU
Altsasuko Gurasoek Donostiako Piraten txupinazoa botatzea galaraz dezala eskatu dio Covitek Udalari
  • Covite biktimen elkarte eskuindarrak Donostiako Udalari eskatu dio ez uzteko Donostiako Piraten txupinazoa Altsasuko Gurasoek botatzea, beren hitzetan "biktimentzat umiliazioa litzatekeelako". Ekinbide legalak har ditzaketela mehatxu egin dute.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2018ko abuztuaren 07a
Urtez urte txupinazo pirata indar hartzen doa. (Argazkia: Donostiako Piratak)

"Gogorarazi nahi dugu Altsasuko zigortuen alde posizionatzea ezker abertzalearekin lerratzea dela, hasieratik babestu baititu erasotzaileak eta biktimen eta hauen familien aurkako jazarpen kanpaina bultzatzen ari baita", diote webgunean zintzilikatu duten oharrean.

Eneko Goia alkateari gutun bat bidali diotela diote, Altsasuko gazteen senideek osatutako Altsasuko Gurasoak plataformak ez dezan bota jai herrikoi hauen hasierako txupina.

Donostiako Udalak jai herrikoien aldeko herri mugimendu horretan ez du parte hartzen eta ez du zerikusirik txupinazo pirata nork botako duen hautatzeko prozesuarekin. Donostiako Piraten mugimendua osatzen duten kofradietako kideek erabakitzen dute urtero zein eragile sozialek irekiko dituen jai herrioiak.

Urtero Piratek nabarmendu nahi duten errealitate sozial bati ikusgarritasuna ematen laguntzeko baliatzen dute txupinazoa: 2012an uholdeek auzoa kolpatu ostean egindako lanagatik Martuteneko auzo elkartea izan zen txupina bota zuena, 2013an Etxe kaleratzeak Stop! kolektiboa, 2014an abortatzeko eskubidearen aldeko mugimendua, 2015ean Irutxuloko Hitza, 2016an errefuxiatuak eta iaz Sara Majarenas eta Izar bere alaba etxera ekartzearen aldeko aldarria.

Covitek Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Jesus Loza gaiari buruz mintza dadila eskatu du.

"Erakunde publiko bat horrelako mezuak zabaltzeko prest egoteak biktimekiko erabateko elkartasun falta erakusten du eta demokraziaren oinarrizko baloreen aurkako erasoa da".

Azkenik, Donostian milaka lagun haserretu eta kalera aterarazi zituen La Manada bortxatzaileekin erkatu ditu Altsasuko gazteak. "Onartuko al luke Donostiako Udalak La Manadako kideen senideek botatzea Txupinazo Pirata?".

Donostiako Piratek asteartean jakinarazi dute Altsasuko gazteen gurasoek botako dutela txupinazoa. Larunbatean hasiko dira jaiak Gipuzkoako hiriburuan. 19:15ean Ezkila eta Mattiri ongi etorria egingo zaie kaian, eta ondoren, 19:30ean izango da txupinazoa kaiko Flamenka gunean.

Kontsultatu egitarau osoa egunez egun eta kofradiaz kofradia lotura honetan.