Ikusgela proiektuko bideo baten aurka jo du Covitek. Argudiatu du Txillardegiren irudia “zuritzen” duela, eta ETAk eragindako biktimak “iraintzen” dituela bideoan bera “euskal kulturaren salbatzaile” gisa aurkezteak.
Covitek (Terrorismoaren Biktimen Elkartea) Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi”ri buruzko Ikusgela proiektuko hezkuntza-bideo baten aurka jo du. Bideoan euskal pentsalari eta hizkuntzalariaren bizitza eta euskal kulturari egindako ekarpena jorratzen dira, eta Covitek salatu du lanak Txillardegiren figura "zuritu” eta “goxotu” duela, eta ez duela aipatzen ETAren hastapenetan parte hartu zuela.
Euskarazko Wikipediako edukiekin egindako bideo pedagogikoen proiektua da Ikusgela, eta Jaurlaritzak laguntzen du. Covitek “inmoraltzat” jo du Lakuak proiektua diruz lagundu izana. Coviteko presidente Consuelo Ordoñezek adierazi du Txillardegi "heroi" eta "euskal kulturaren salbatzaile" gisa aurkeztu dutela, eta horrek ETAren biktimak “iraintzen” dituela. Elkarteak aldarrikatu du bideoa ez dela “onargarria”, eta azpimarratu du ez duela aitortu nahi Txillardegik euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lana.
Ikusi hemen bideoa:
Coviteren zentsura kanpainak harrabotsa eragin du, eta ondorengoa adierazi du Euskarazko Wikipediak sare sozialetan: "Harriduraz ikusten dugu salaketa hau. Txillardegi pertsona garrantzitsua da euskal kultura, literatura, politika eta pentsamenduan. Horregatik, Ikusgela proiektuan bat ez, bi bideo egin ditugu berari buruz".