argia.eus
INPRIMATU
Covidaren Europako Batasuneko Ziurtagiri Digitala Hego Euskal Herrian eskuratzeko moduak
  • Hego Euskal Herrian posible da jada Covidaren Europako Batasuneko Ziurtagiri Digitala eskuratzea. Ziurtagiri horrekin, uztailaren 1etik aurrera, muga eta kontrolgune jakin batzuetan ziurtagiria erakutsi eta bidaiatzeko edo jarduera jakin batzuetara sartzeko sarbide librea lortuko omen du bidaiariak. Nafarroako eta EAEko ziurtagiriaren prozesua nola den txekeatu dugu zenbait erabiltzailerekin

Sustatu 2021eko ekainaren 11

Nafarroan duela hiru egunetik da posible ziurtagiria eskuratzea. Sinadura digitala behar da Osasun zerbitzuko Osasun Karpeta Pertsonalera sartzeko, eta hantxe aurkituko du erabiltzaileak ziurtagiria, hala badagokio. Beñat Agirrek erakutsi digu berea eta hor goian duzue irudia (informazio digitala tatxatuta).

Hiru hizkuntzatan ageri da ziurtagiria, PDF formatuan jaisten ahal duzuna. Uste dugu berariaz hala eskatu gabe agertzen dela bertsio hori, ingelesez, gaztelaniaz eta euskaraz. Hiru bandera ere bai, Nafarroakoa, Espainiako eta Europako Batasunekoa.

Informazio kodetua QR kodean eta zenbaki luze batean ageri da. Uste dugu Ziurtagiria balioztatzeko aplikazioak zabalduko direla hemendik uztailaren 1era, eta dagokionak, mugetako funtzionariak adibidez, QR kode hori irakurri ahal izango dutela orduan ziurtatuz datuen egiazkotasuna eta ziurtagiria eman duen erakundea baimendua dagoela halakoak esleitzeko. Hortaz, PDF inprimatua duzula bidaiatu, edo beraren kopia bat mugikorrean duzula, ireki eta QR kodea handitzeko aukera eman diezazun.

Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, atzo ireki zen aukera, eta egindako gure aproben arabera ziurtagiria ez dago Osakidetzak prest duen Osasun Karpeta Pertsonalean, baizik eta berariaz prestaturiko beste zerbitzu batean. Izatez, ez dugu Osakidetzaren webgunetik informaziora iristerik izan, Euskadi.eus sarrera nagusitik baizik. Tira, azalpenak hemen daude, eta ziurtagiria eskuratzeko helbidea hau da, txalo bero bat mesedez CiudadanosWar hori URL-ean sartu duenari:

https://www.osakidetza.euskadi.eus/ab91aCiudadanosWar/ 

Izenpek ziurtaturiko sinadura digitala behar da horra sartzeko, eta horrekin, lortzen duzuna Nafarroako agiriaren PDF berdina da, hiru hizkuntzatan eta hiru banderarekin (ikurrina kasu honetan).

Eusko Jaurlaritzak iragarri du sinadura elektronikorik ez dutenentzat ere egongo dela modua ziurtagiria lortzeko, bai telematikoki eta baita aurrez aurre, baina oraingoz ez dute bide hau aktibatu.

Izatez, ziurtagiri digitala duten batzuek ere beharko dute bide osagarri horretara jotzea, ze ziurtagiriak ez ditu aukera guztuak aurrikusten. Adibidez, EAEn, Covid-a igaro bazenuen iaz, aurten txanda bikoitzeko txertoa tokatuz gero, txanda bakarra eman eta pauta osatu duzula esaten dizute. Ba hori egin duten pertsonen ziurtagirian agertzen da 2 txandetatik 1.a jaso duela pertsonak... Balioko ote du horrek muga kontrol batean?