argia.eus
INPRIMATU
COVID ziurtagiriari iraungitze-epea jarri diote, herritarrak txertoa hartzera bultzatzeko
  • Europako Batzordeak erabaki du COVID ziurtagiriari bederatzi hilabeteko indarraldia ematea. Behin epe-tarte hori igarota, iraungitu egingo da, eta berritu nahi duenak txertoaren oroitzapen dosia jarri beharko du. Neurria 2022ko otsailetik aurrera jarriko da indarrean.

ARGIA @argia 2021eko abenduaren 22a

Asteartean egin du COVID ziurtagiriaren gaineko moldaketa Europako Batzordeak: ziurtagiriari iraungitze data jarri dio, eta bederatzi hilabeteko indarraldia izango du. Txertoaren pauta osoa hartzen den momentutik norbanakoak bederatzi hilabetez erabili ahalko du COVID pasaportea, baina behin epe-tarte hori pasata iraungitu egingo zaio; ziurtagiria beste horrenbeste hilabetez erabiltzen jarraitu ahal izateko, oroitzapen dosia hartu beharko du nahitaez. Horixe baita Europar Batzordearen azken neurri honen helburua: COVID-19aren aurkako txertoa eta atzetik datozkion oroitzapen dosiak jartzeko herritarrei presioa egitea. Neurria 2022ko otsailaren 1ean pasako da indarrean egotera.

Batzordeak egindako adierazpenen arabera, ECDC Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroaren gidalerroak kontuan hartuta hartu da ziurtagiriaren gaineko neurri berria. Izan ere, ECDC-k gomendatzen du txertoaren pauta osoa bete eta gehienez ere sei hilabetera oroitzapen dosia jartzea, tarte hori igarotza txertoak ematen duen babesa jaisten hasten baita.

Neurria Omicron aldaeraren hedatze unean hartu bada ere, asteartean EMA Sendagaien Europako Agentziak egindako agerraldian adierazi zuen oraindik ez dagoela jakiterik onartuta dauden txertoek aldaera horren aurrean eraginkortasunik ote duten. Adierazi zuenez, hori argitzeko "komunitate zientifikoak datu gehiago aztertu behar ditu". Hala ez balitz, konposizio ezberdineko txerto bat garatu beharko litzatekeela aurreratu zuen, ñabartuz ez litzatekeela hutsetik akin beharreko lana.

COVID ziurtagiriaren bederatzi hilebeteko indarraldiari hiru hilabete gehitu ahalko dizkiote herrialdeek, bermatu ahal izan dezaten txertaketa kanpainak egokitzeko.

Europako Batzordearen arabera, neurriak berdin eragingo die herrialde guztiei, eta hala ziurtatuko da herritarrek "zirkulazio askerako eskubide bera" dutela. Alabaina, iritzi horri kontrajartzen zaio iritzi publikoaren zati bat; hainbatek salatu duenez, COVID ziurtagiria osasun neurria baino gehiago da kontrol sozialerako tresna.