argia.eus
INPRIMATU
COVID ziurtagiriaren erabilera epea luzatu eta eremu gehiagotara zabaldu nahi du Eusko Jaurlaritzak
  • Beste hainbat erkidego eta herrialdetan COVID ziurtagiria bertan behera utzi duten bitartean, EAEn gutxienez otsailaren 13ra arte indarrean egotea nahi du Eusko Jaurlaritzak eta hala eskatuko dio justizia auzitegiari. Gainera, ziurtagiriaren erabilera eremu gehiagotara zabaldu nahi du.

ARGIA @argia 2022ko urtarrilaren 27a
IƱigo Urkullu EAEko lehendakaria LABI batzordearen ondoren prentsaurreko batean (Argazkia: Irekia)

LABI batzordea bildu baina ordu batzuk lehenago iragarri du Eusko Jaurlaritzak, lehendakaritzako iturrien arabera, zein den COVID ziurtagiriaren inguruan hartuko duen jokabidea: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari eskatuko dio bere erabilera epea luzatzea otsailaren 13ra arte. Eta gainera, hoteletara, turismo-ostatuetara eta joko-aretoetara ere zabaltzea eskatuko du Iñigo Urkulluren exekutiboak.

COVID ziurtagiria ezartzeko bi neurri daude indarrean gaur egun: batak, 50 lagun baino gehiagoko aforoa duten jatetxeei eta gaueko-aisiari eragiten die; besteak, ostalaritzari orokorrean eta beste eremu batzuei eragiten die, hala nola: kiroldegiei, kultur-ikuskizunei, gimnasioei, ospitaleetako bisitei... Azkeneko neurri hori urtarrilaren 31n iraungitzen da, astelehenarekin, eta EAEko Auzitegi Nagusiaren baimena behar du. Kontuan edukita tartean asteburua dagoela, Urkulluren gobernuak epea amaitzeko ordu gutxi falta direla hartu du ziurtagiriaren erabilera luzatzeko eskaera egiteko erabakia.

Gainera, lehendakariak ostegun goizean Bilbon ekitaldi batean zela azaldu duenez, beste neurri murriztaileak mantentzearen alde agertu da LABIren batzorde zientifiko-teknikoa, "hori da nik ere aholkatzen dudana".

Nafarroan ere ziurtagiria indarrean dago eta Nafarroako Gobernuak hala jarraitzeko baimena eskatu dio justiziari. Ipar Euskal Herrian, berriz, txertatze ziurtagiria da beharrezkoa hainbat eremutara sartzeko.

Ziurtagiriaren eraginkortasuna zalantzan jarri dute eragile, aditu eta agintari ugarik, eta herritarren eskubideak urratzen dituela salatu dute sarritan. Eusko Jaurlaritzak berak ere ez du iritzi finkorik izan hura ezartzerakoan, eta orain, beste herrialde batzuetan bertan behera utzi dutenean, mantentzea eta zabaltzea erabaki du.