Asteazken honetan sartu da indarrean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritar askoren eguneroko jarduna mugatu dezakeen dekretua, COVID ziurtagiria eskatzeko derrigortasuna establezimendu eta ekitaldi gehiagotara zabaltzen duena.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak asteazken honetan argitaratu du Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren 47/2021 dekretua, COVID ziurtagiria erabiltzeko derrigortasuna eremu gehiagotara zabaltzen duena. Funtsean, Iñigo Urkulluk sinaturiko dekretuak orokortu egiten du kontzertu-areto eta bestelako espazio itxietan, ostalaritza barrualdean, ospitaleetan, espetxeetan eta kirol instalazioetan sartzeko debekua, agiri hori izan ezean.
Azken egunetan agintarien ahotik jasotako mezuak eta hedabide zenbaitek haiei emandako oihartzuna zehaztu ditu aldizkari ofizialeko testuak. Hala, ziurtagiria eremu itxietan urtarrilaren 31 arte eskatuko dela dio, dekretua ordura arte egongo baita indarrean. Baina “egoera epidemiologikoaren bilakaera” kontuan izango dute Lehendakaritzako arduradunek, dekretua “luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe” uzteko.
Ziurtagiria, intzidentzia tasa 1000.000 biztanleko 300 kasukoa denean eskatuko da, eta Osasun Sailak astean bi alditan igortzen duen buletinak markatuko du udalerri bakoitzaren egoera. Bestalde, 12 urtetik beherakoek eta espazio horietan lan egiten duten langileek ez dute ziurtagiria erakutsi behar izango, gainerako guztiek bai.
Dekretuak ez du esaten ziurtagiria sistematikoki eskatu behar denik, baina “gerta daitezkeen ez-betetzeen erantzule” lekuaren titularra izango dela zehazten du
Espazioetara sartzerakoan eta “edozein unetan” eskatu “ahal izango” diete herritarrei ziurtagiria leku horien arduradun edo titularrek, “benetakoa dela egiaztatzeko”. Dekretuak ez du esaten, beraz, ziurtagiria sistematikoki eskatu behar denik, baina “gerta daitezkeen ez-betetzeen erantzule” lekuaren titularra izango dela zehazten du. Gainera, poliziek ere egin dezakete kontrol lan hori. Informazioa baina, soilik egiaztapena egiterakoan eskatu ahal izango dute, eta “datuak babesteko indarrean dagoen araudia betetzen dela” bermatu beharko da.
COVID ziurtagiria ez duten herritarrei sartzea debekatzen zaien tokien artean, kirol-instalazio itxiak ere badaude (estadio itxiak, frontoiak…), beti ere sarrera kontrolatzeko sistema bat martxan badute eta 100 pertsona baino gehiagoko asistentzia dagoenean.
Dekretuaren sarreran, Lehendakaritzak Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia darabil COVID ziurtagiria establezimendu gehiagotan derrigorrezkoa izatea arrazoitzeko. Besteak beste, esaten du toki horietan Covidarekin ez infektatzeko bermea eskaintzen duela ziurtagiriak, “berme osoa ez bada ere”. Gainera, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren txostenak ere aipatzen ditu, esanez “datu zientifiko ugari” daudela diotenak gaixotasunaren transmisioari aurre egiteko neurri eraginkor bat “izango litzatekeela” –baldintzazko forma erabiliz– dekretuak arautzen duen ziurtagiri hori.