argia.eus
INPRIMATU
COVID ziurtagiria eremu gehiagotara zabaltzeko baimena lortu du Jaurlaritzak
  • EAEko Auzitegi Nagusiak argi berdea eman dio Eusko Jaurlaritzari: COVID ziurtagiria erabili ahalko da baita ere ostalaritzan, kiroldegietan eta ospitale, zahar etxe eta kartzeletan bisitan doazenei. Aire zabaleko kirol ekitaldietan ez du baimendu ziurtagiria.

ARGIA @argia 2021eko abenduaren 14a

Abenduaren 4tik martxan da COVID ziurtagiria EAEn, aisialdi eremu eta dantzalekuetan eta 50 bezerotik gorako edukiera duten jatetxeetan. Beti ere 100.000 biztanleko 150 kasu baino gehiago dauden herrietan.

Ziurtagiria eremu gehiagotara zabaltzeko aukera eskatu du Jaurlaritzak Auzitegi Nagusian, eta baimena eman dio honek. Honako eremuetan eskatu du baimena: kontzertuak eta bestelako kultur eta arte ekitaldiak hartzen dituzten gune itxietan; kiroldegi, gimnasio eta ariketa fisikoa praktikatzen den gune itxietan; frontoi, estadio eta bestelako kirol instalazio itxietan; ospitale, zentro soziosanitario eta kartzeletan bisitan doazenei; eta ostalaritzan. Aire libreko kirol ekitaldietan ere eskatua zuen baimena, baina aire librekoa izanik, ezezkoa erantzun du Auzitegi Nagusiak.

Hamalau egunetan, 100.000 biztanleko 300 kasutik gorako inzidentzia tasa duten herrietan bakarrik baimendu du ziurtagiriaren erabilera.

Egoera epidemiologikoa okertu dela eta kutsatzeko arriskuak murrizten laguntzeko neurria dela argudiatu du epaiak.