argia.eus
INPRIMATU
COVID urtean %1,3 hazi zen munduan armen salmenta
  • Stockholm International Peace Institute-k munduko arma ekoizleen rankinga egiten du eta argitaratu berri dituen datuen arabera, COVID-19ak ez zuen 100 ekoizle nagusien armen salmenta gelditu, alderantziz, 2020an %1,3 handitu zen.

2021eko abenduaren 07a

tockholm International Peace Institute (SIPRI) erakundeak abenduaren 6an argitaratutako informazioaren arabera, munduko armen 100 ekoizle nagusien salmenta 531.000 milioi dolarrekoa izan zen 2020an, aurrekoan baino %1,3 gehiago, nahiz eta munduko ekonomia %3,1 uzkurtu zen. 2015eko datuekin alderatuta berriz, bost urtean %17 igo da armen salmenta.

SIPRIko ikerle den Alexandra Marksteiner-ek azaldu du gobernuek egindako eskaerak babestu zituela armagile nagusiak: "Munduko zati handi batean, gastu militarra hazi egin zen".

Rankinga

Salmenta guztien %54 AEBetako arma enpresek egindakoak dira. Munduko ekoizle nagusiak diren 100 enpresen zerrendatik 44 dira AEBetakoak.

Bigarren ekoizle nagusia Txina da, eta rankingean dituen 5 enpresek fakturazioaren %13 lortu zuten.

Europako enpresek armen salmentaren %21 lortu zuten eta kontinente honetan Erresuma Batua da arma saltzaile handiena, zazpi enpresa ditu munduko 100 handienen ranking honetan eta fakturazioaren %8 inguru lortu zuen.