argia.eus
INPRIMATU
COVID pasaporteak, haurren diskriminazioa?

Virginia Canales Arrasate Isabel Canales Arrasate Izaskun Osinalde de Miguel 2021eko abenduaren 23a

Adingabeei COVID-19 txertoa ez jartzeak ezin du estigmarik ekarri. Familiak eta adingabeak euren hautuan babestuta sentitu behar dira, erabakia edozein dela ere. Guztion ardura da ume bat ere ez diskriminatzea ez txertatzeagatik. Horregatik, azpimarra jarri nahi diegu ondorengo alderdiei.

Haurtzaroko COVID-19 txertaketari debatea zor diogu. Ez dago argi arriskuen eta onuren arteko balantzea. Eztabaida ezinbestekoa da, eta horretan ari dira hainbat herrialde.

"Haurtzaroko COVID-19 txertaketari debatea zor diogu. Ez dago argi arriskuen eta onuren arteko balantzea. Eztabaida ezinbestekoa da, eta horretan ari dira hainbat herrialde"

https://labur.eus/3zIJz

Era berean, funtsezkoa da haurren txertaketaren inguruko alderdi etikoak ere kontuan hartzea. Etengabe ari gara entzuten umeen txertaketa hau nagusion onerako izango dela. Hori gutxienez deigarria da, jakin badakigulako oraingo txerto hauek zoritxarrez ez dutela birusaren transmisioa behar bezala ekiditen. Eta horrela balitz ere, zilegi litzateke besteon balizko babes horren izenean umeak txertatzea? Are gehiago, zilegi litzateke jakinda haurrengan, orokorrean, COVID-19 gaixotasuna arina dela eta txertoen epe luzeko segurtasunaren gainean informazioa falta zaigula?

https://labur.eus/ZtMPw

Haurtzaroko COVID-19 txertoak larrialdirako daude baimenduta. Horregatik, datuak biltzea ezinbestekoa da prozesu honetan. Saiakuntza klinikoaren hasierako faseetan detektatu ez diren baina agertzen joan daitezkeen ondorio kaltegarriak jakinaraztea inoiz baino garrantzitsuagoa da eta denon esku dago, erraza baita kontrako efektu baten susmoa jakinaraztea.

https://labur.eus/Q1kjn

Debateaz gain datuak behar ditugu, berehala. Batzuk baditugu, baina ez denak. Gure inguruan haurrak (0-19) dira egungo intzidentziaren buru, baina Simók dioen bezala, ez positibotasunarenak. Izan ere, ez du ematen gaur egun umeak birusaren gordailu direnik, ezta kutsatze-iturri nagusi ere.

https://labur.eus/QGf3p

Era berean, gaixotasuna pasa duten haurren kopuruari buruzko datuak behar ditugu (estimazioak altuak dira) eta, horretarako, ezinbestekoa da seroprebalentzia eta immunitate zelularra aztertzea.

https://labur.eus/zs2Im

Agian premiarik ez duten haurrei COVID-19aren txertoa jartzen ari gara? Txerto horrek umeen etorkizuneko osasunean ere izan dezakeen eraginaren garrantziak behartzen gaitu hau guztia ahalik eta argien izatera. Norvegiak ez die txertorik jartzen gaixotasuna pasa duten 12-15 urte arteko haurrei. Finlandiak eta Norvegiak, momentuz, 5-11 urte bitarteko haur osasuntsuei txertorik ez jartzea erabaki dute.

Bestalde, COVID pasaporteak ez du oinarri zientifikorik. Esan bezala, zoritxarrez txerto hauek ez dute transmisioa eragozten, eta hori ebidentzia da. Ildo horretatik, protokoloak aldatzen hasi dira.

https://labur.eus/3ciLE

Oinarri etikorik ere ez dute, eta bereziki mingarria izan daiteke haurren kasuan.

https://labur.eus/2kBQe

Euskadin, 2021eko abenduaren 15ean, COVID pasaportearen aplikazioa zabaldu egin zen (azken 14 egunetan metatutako intzidentzia 100.000 biztanleko 300 kasutik beherakoa izan arte) ia esparru itxi edo masa-barruti guztiak hartuaz (gimnasioak, adinekoen egoitzak, kirol- edo kultura-ekitaldiak) eta 11 urtetik gorako biztanle guztiei eraginez. 11 urtetik gorako ume guztiei eraginez.

https://labur.eus/6aLjr

"Norvegiak ez die txertorik jartzen gaixotasuna pasa duten 12-15 urte arteko haurrei. Finlandiak eta Norvegiak, momentuz, 5-11 urte bitarteko haur osasuntsuei txertorik ez jartzea erabaki dute"

Pasaportearen aplikazioa zabaldu zuten lehenengo egunetan, holakoak kontatu zizkiguten gurasoek: “Gure haurrei ahalik eta azkarren txertoa jartzeko hitzordua nahi dugu, zalantzarik ez dugulako” (Peio eta Oier, 7 urte); “Entrenatzaileak mezu bat bidali digu, ezin duela taldean jokatu pasaporterik ez badu” (Miren, 13 urte); “Hasi gara... idatzi didate dantza akademiatik, COVID pasaportea behar duela joaten jarraitzeko, txertorik ez badu ezin duela joan” (Haizearen ama, 12 urte); “Marcosek (19 urte) COVID pasaportea du gaixotasuna uztailean pasa zuelako, baina urtarrilera arte bakarrik balio dio, eta futbol-klubean esan diote txertoa jartzen ez badu edo astean 3 PCR egiten ez baditu, ezingo duela jokatu, ezta dutxarik hartu ere". Pasaporteak urtebeteko balioa du txertoa jarri ondoren, eta sei hilabetekoa gaixotasuna sendatu ondoren. Hori ere ez da ulertzen.

Ez da erraza seme-alaben osasunari buruzko erabakiak hartzea. Egoera honetan, guraso batzuek seme-alabei COVID-19 txertoa ematea erabaki dute, eta beste batzuek, zalantza egiten dute edo oraingoz ez diete txertorik jarriko, euretako askok txertoa jarrita izan arren. Gure lanean, informazio zehatza eta eguneratua ematen saiatzen gara. Txertatzearen inguruko erabakiek batzuetan errua, muturreko erantzukizuna, beldurra eta zalantzak sortzen dituzte, beraz, oinarrizkoa da erabakiari presiorik eta hertsapenik ez gehitzea eta familiak errespetatzea.

Revista Pediatría Atención Primaria aldizkariaren artikulu batean esaten denez, txertoen segurtasuna eta eraginkortasuna zalantzan jartzeak ez du esan nahi mediku hori txertoen aurkakoa denik, ezta ukatzailea edo konspiranoikoa denik ere. Aitzitik, mediku izateagatik duen erantzukizun zientifikoaz jabetzen den norbait da, eta horregatik zuhurtzia handia eskatzen duena. Primum non nocere da gure ekintza medikoa gidatu behar duen maxima. Errespetu hori bera zor diegu gurasoei erabaki honetan.

https://labur.eus/3pe48

Gurasoentzat gai hau zaila da eta haurrentzat ere bai. Haurrek ez dute erabakietan parte hartzen eta pandemia honetan beren bizitzetan eragina izan duten erabakiek ez dute haien errealitatea kontuan hartu. Ez dira heldu txikiak. Garapen betean dauden etapa honetan, eragin erabakigarria dute beren sozializazio-premia, hezkuntza, nutrizioa eta abarrek, eta ez momentu honetan bakarrik, hemendik aurrera ere bai. Euren ahultasunak eta hauskortasunak ez dute zerikusirik helduenokin. Hala ere, txertorik hartu ez duten haurrek presioa bizi dute, eta batzuk hasi dira txertoa eskatzen: “Txertoa hartu nahi dut dantza egiteko”, “Klasean esan didate hil egingo naizela txertatzen ez banaiz”, “Futbolean jolasten uzten ez badidate, txertatu egingo naiz, ez dut hori galdu nahi”.

Gure ustez eztabaidagarria den arau batek edo gurasoen erabaki batek (errespetatu beharrekoa dena, partekatu ala ez) ezin du inolaz ere umeen oinarrizko eskubiderik mugatu. Haurrek lagunekin egon behar dute, euren bizigai nagusietakoa delako, baina txertorik gabeko haurrak eta nerabeak diskriminatzeko, estigmatizatzeko eta arbuiatzeko arriskua dago. Ildo horretatik, Erresuma Batuan adingabeei txertoa eskaintzea, ez inposatzea eta familiak eta haurrak babestea azpimarratzen ari dira, estigmarik egon ez dadin, edozein erabaki hartuta ere.

https://labur.eus/QS5jc

Pandemiaren hasieran 42 eguneko konfinamendu zorrotza ezarri genien, beste adin eta herrialde batzuetan parekorik izan ez arren. Terrazak irekita eta haur parkeak itxita egon ziren, ebidentziarik gabeko neurriak izan arren. Eskola-kirola geldituta, azterketek argi adierazi arren transmisioan zuten eragin murritza. Ia edozeinen kontaktu estu gisa definitzen dituzten protokoloek eta askotan egiten diren eskola-baheketek behartu egiten dituzte proba diagnostikoak egitera eta askotan hasierako konfinamenduen itxura handia hartzen duten isolamenduetara. Proportzionalki umeei proba gehiago ari gara egiten? Haiek ez badira positibotasunaren buru, ze helburu daukate askotan baheketa horiek? Ze ondorio? Horrekin batera, neurri murritzaileek eragin ditzaketen ondorioen inguruko datuak izugarriak dira osasun mentalean, obesitatean, haur-pobrezian eta arrakala akademikoan.

https://labur.eus/3XJEg

Kalte gehiago eragin ditzaketen neurriekin jarraituko dugu? Umeei Covid pasaportea eskatzeak estigmari atea irekitzen dio. Kontrola eta hertsadura gure gizartearen oinarria direla ikasterik ez dugu nahi. Elkartasuna, zientzia eta eztabaida, etika, primum non nocere printzipioa (lehenik eta behin, minik ez eragin) eta desberdintasunak murriztea dira guztion artean eraiki nahi dugun gizartearen oinarriak. “Herrialde aurreratua ez da pobreek aseguru mediko pribatua duten herrialdea, aberatsek lehen mailako arreta publikoa erabiltzen dutena baino” (Simó), eta hori ere galtzen ari gara.

https://labur.eus/c6Gx9

Herrialde aurreratuek ikasi egiten dute ahulenak zaintzen. Guztiok elkar zaintzen.

Agian haurrak gehiegizko esfortzua egiten ari dira ezarritako neurrietara egokitzeko, eta horrek beren beharretatik deskonektatzea ekar dezake. Ez dezagun eskakizun gehiago ezarri etikarik eta zientziarik gabe. Ezein legek edo arauk ez lioke inolako pasaporterik eskatu behar haur bati, gutxiago galarazten zaien horrek bere eskubideetan eta osasun ebolutiboan eragina duela jakinda. Oro har, pasaporterik ez. Haurren kasuan, inolaz ere ez. Ez diezaiegun min gehiago egin. Primum non nocere.

 

* Isabel Canales Arrasate eta Virginia Canales Arrasate medikuak dira, Izaskun Osinalde de Miguel ama.