argia.eus
INPRIMATU
COVID pasaportea eta bestelako neurri murriztaile gehienak bertan behera geratu dira Nafarroan
  • Nafarroako Gobernuak bart gauerditik aurrera indargabetu ditu COVID-19aren aurkako neurri murriztaile gehienak. Kalean eta ikastetxeetako patioetan ez da derrigorrean maskararik erabili beharko, gaueko aisialdiak eta ostalaritzak pandemia aurreko ordutegiak berreskuratuko dituzte, ez da COVID pasaporterik eskatuko, barran kontsumitu ahalko da eta mahaietan eta etxeetan ez da jende mugarik egongo elkartzeko. Hala ere, hainbat neurrik indarrean jarraituko du.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 15

Gaur goizeko lehen orduetatik aipatu berri ditugun arau horiek denak indargabetu ditu Nafarroako Gobernuak. Baina pandemiari loturiko beste neurri hauek oraindik derrigor betebeharrekoak dira:

Barrualde guztietan musukoa erabiltzen jarraitu beharko da. Kalean edateak debekaturik jarraitzen du, tabernen terrazetan salbu. Baina terraza hauetan bi metroko distantzia gorde ezean, ezingo da erre.

Kirol ikuskizunetan edukierak handitu egin dira baina ez dira %100era itzuli: barrualdeetan %50etik %75era igo da eta kanpoaldeetan %75etik %85era. Kapoan diren kirol ikuskizunetan oraindik ezingo da ez jan eta ez edan.

Neurri hauek, oraingoz, otsailaren 28 arte egongo dira indarrean.