argia.eus
INPRIMATU
COVID pasaportea behartzeak bazterrak sutu ditu Guadalupen, krisi sozioekonomikoak sua hauspoturik
  • Oinarrian COVID pasaportea eta txertoaren behartzea. Horien kontra mobilizatzen dabiltza guadalupearrak, baina orokorragoa da auzia: aspaldian pairaturiko krisi sozioekonomikoa eta Frantziaren partetik jasotako "mespretxua" eta "kolono jarrera" salatzen ere dabiltza.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko azaroaren 23a

Egoera zartatu da Guadalupen, Frantziaren menpe segitzen duen Karibeko itsasoko irlan. Arrazoia berez COVID pasaportearen behartzea eta osasun langileei eta suhiltzaileei inposaturiko txertoa, baina hori baino sakonagoa da arazoa eta aspaldian ustelduz zihoan giroa zartatu da azken egunetan. Horrelakoa da giroa Karibetako irlan: kale borroka bortitzak, bazterrak sutan, Polizia ikaragarri bortitz, etxeratze-agindua inposaturik, lapurretak, manifestazioak, barrikadak, bideak blokeatuta, RAID eta GIGN polizia unitate berezien etorrera Metropolitar Frantziatik eta hamarnaka atxiloketa.

Egoera soziekonomiko txarra eta Frantziako Estatuaren "jarrera koloniala" salatzen dabiltza karrikatik guadalupearrak. Langabezia %17koa dute – Metropolitar Frantzian %8,9koa da– eta herritarren %34 da pobrezian –Metropolitar Frantzian %14–. Orokorrean, alde handia bada Metropolitar Frantziaren eta bere menpe dituen irla hauetako egoera sozioekonomikoen artean, baina ez da desberdintasun hauek ttipitzeko determinaziorik ageri Parisetik.

LKP intersindikalak deitu zuen grebara azaroaren 15ean, COVID-19a dela eta harturiko azken neurrien kontra. Osasun arloko langileek eta suhiltzaileek zuten mugimendua abiatu, gasolindegietako sindikatu batzuk ere bat eginez. Giroa baretzeko asmoz, azaroaren 23 honetan jakin da gobernuak onartu duela protestan direnen eskakizunetariko bat: osasun alorrean dabiltzanen artean, nahi dutenei banatuko zaie ARN-mezularia teknika gabeko txertoa.

"Ezin onartuzkoa eta jasanezina" da gertatzen ari dena Gabriel Attali Gobernuko bozeramailearen hitzetan, eta hau "gutxiengo batek" eraginik. Bertakoek ez diote gauza bera, haatik. UGTG sindikatuak ondokoa dio: "Osasun eta sozial arloko profesionalen eta suhiltzaileen aldarrikapenak zuzenak direla eta herritarren sostengua dagoela argi uzten dute mobilizazio egun horiek. Baina, horrez gain, herritarrok pairatzen dugun sufrimendu, desberdintasun, pobrezia eta bazterketak ikaragarriak direla ere agerrarazten digute".

Jean Castex Barne ministroa Guadalupen egon zen atzo, abenduaren 22an. Herritarren indarkeriak gogorki salatu zituen zehaztuz elkarrizketarako bete beharreko baldintza dela "ordena publikoa". Irlan zela jakin zen COVID-19az kutsatua zela gobernuko kidea.

Orokorrean bertako biztanleen %43ak du lehen txertoa jasoa, Metropolitar Frantzian baino askoz jende gutiagok beraz. Mesfidati dira orokorrean Paristik inposaturiko neurrien parean, eta haien historia ikusirik ulergarria dela ezin uka. Frantziaren baitan harturiko eskualde administratibo izaten segitzen du 1635an frantsesek kolonizaturiko Guadalupek.

Klordekona gogoan, Frantziak kutsaturiko lurraldean

Iraganean eta oraindik gaur egun Parisek harturiko jarrera autoritario eta koloniala ere da azken aste honetako matxinaden oinarrian. Tartean, klordekonaren afera –"chlordecone" frantsesez–.  1972tik 1993ra arte aritu ziren klordekona izeneko intsektizida Martinikako eta Guadalupeko banana plantazioetan hedatzen. Produktua minbizi-emaile eta nahasle endokrino zela jakinda ere, erabilpena baimentzeko hautua egin zuen Frantziako Estatuak. Gaur egun osoki kutsatuak dira Frantziaren menpe diren bi irla horiek: lurrak, urak eta herritarrak, guztiak kutsatuta. Eskandalua, aipàtzen ez den eskandalua baina guadalupearrek gogoan eta gorputzean duten mina.

"Neokolonialismoa deitzen zaio Martinika eta Guadalupe osoki kutsatzeko hautuari" erreportajea atera genuen iazko otsailaren 9ko ARGIA alean, klordekonaz eta Frantziaren jarrera neokolonialistaz.

Haserrea zabaldu daiteke beste irletara ere

Baliteke Guadalupen abiaturiko sutea Martinikan eta Kanakyan ere zabaltzea. Hain zuzen, tentsio handia bada Frantziaren menpe izaten segitzen duten bi lurralde hauetan ere. Oroit independentisten atzeratzea galdatu arren, eskaera errefusatu eta Kanakyren independentziari buruzko erreferenduma bideratzekoa duela Frantziako Gobernuak eta hori, laster, abenduaren 12an. Martinikan ere mobilizatzeko deia luzaturik dute hainbat sindikatuk eta hori Guadalupekoekin elkarlanean.

Jarraian bi bideo Guadalupeko giroa islatzeko: