argia.eus
INPRIMATU
COVID-19az kutsatutako jendeak dagoeneko 9 milioitik gora dira munduan
  • Worldometers estatistika zerbitzuaren arabera, Ekainaren 22ko gauerdian 9.180.875 ziren planeta osoan koronabirusez testeaturik positibo emandakoak. Horiek guztien artean 473.484 hil dira orain arte eta 4.916.914 eman dituzte sendatutzat agintariek. Proportzioei dagokienez, milioi 1 biztanletatik 60,1 hil ditu COVID-19ak munduan.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 23a
Meka hutsik: Saudi Arabiak mugak itxi eta galarazi egin du atzerritik erromesik etorri ahal izatea. (Argazkia: Reuters)

9.180.875 kutsatu eta egunero 130.000-150.000 kasu berri (astelehenean zehazki +138.975), hori da COVID-19 pandemiak 2020ko solstizio egunera iritsita erakusten duen panorama: beranduago iritsi den herrialde askotan pandemia egunotan ari da eraso betean, goizago iritsi zirenek (Europakoek bidenabar) ez dute erabat ezabatzea lortzen udako egun beroak iritsita ere.

Koronabirus kasu konfirmatuak diren 9 milioi horietatik 2,3 Europan gertatu dira, 2,7 Ipar Amerikan, 1,8 Hego Amerikan, 1,9 Asian, 0,3 milioi Afrikan eta soilik 9.000 kasu Ozeaniako uharteetan. Herrialdeka dira munduan positibo gehien metatu dituzten bi herrialdeak dira heriotza gehien sufritu dituztenak ere: AEBk 2,3 milioi kutsaturekin 122.000 heriotza eta Brasilek 1,1 milioi kutsaturekin 51.000 heriotza.

Rankingean ondorengo postuetan datozenek positibo-heriotza proportzio oso ezberdinak dauzkate, "kutsatu" eta "positibo" deitu atalak funtsean zein egoera ezberdinak estaltzen dituzten seinale. Esaterako, Errusiak ia 600.000 positiborekin 8.000 heriotza metatu ditu orain arte, Indiak 440.000 positiborekin 14.000 heriotza... eta, aldiz, Erresuma Batuak 305.000 positiborekin 42.000 heriotza, Espainiak 293.000 positibo eta 28.000 heriotza, eta abar.