argia.eus
INPRIMATU
COVID-19az gain, Ebola agerraldiak atzeman dituzte Afrikan
  • OME Osasunaren Mundu Erakundeak jakitera eman duenez, Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Ginean atzemandako bi ebola agerraldiek aurrera egin dute. Nazio Batuen Erakundearen Osasun Agentzia birusa zergatik agertu den ikertzen ari da. OMEk gogorarazi du COVID-19a ez dela Afrikaren osasun mehatxu bakarra.

ARGIA @argia 2021eko otsailaren 22a
Kongoko Errepublika Demokratikoan Ebola duten gaixoak artatzeko gunea. Argazkia: Unicef/Tremeau.

Ginean, 2014ko epidemia handia hasi zen herrialdean, Osasun Ministerioak zazpi kasu agertu zirela iragarri zuen otsailaren 13-14ko asteburuan. Erizain baten hiletaren ondorioz zabaldu da birusa eta hiru hildako behintzat badira. Margaret Harris OMEko bozeramaileak Genevan emandako prentsaurrekoan adierazi du kasuekin kontaktua izan zuten 115 pertsona identifikatu dituztela eta aurreko agerraldietan lortutako esperientziari esker, osasun-langileak azkar mobilizatu direla birusa arakatzeko eta infekzio gehiago saihesteko.

Ipar Kivun, Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdean, Gineatik 4.000 km baino gehiagora, lau kasu baieztatu dituzte eta bi heriotzen berri eman dute. Lau gunetan 300 kontaktu inguru miatu dituzte. Txertaketa hasi da osasun langileentzat. OMEk adierazi duenez, Ebola birusaren berpizkundearen berri eman zuen herrialdeak otsailaren 7an, Gineako agerraldia baino astebete lehenago.

Harrisek adierazi duenez bi herrialdeetako agerraldien artean ez dago loturarik, ez dute behintzat ebidentziarik, baina aldi berean ari dira gertatzen.

OMEko adituek sei herrialderi abisua eman diete, Ginean eta Kongoko Errepublika Demokratikoan izandako agerraldien ostean izan daitezkeen Ebola kasuen aurrean adi egoteko.

OMEko bozeramaileak gogorarazi du COVID-19a ez dela Afrikako osasunean mehatxu bakarra: “Gure arretaren zati handi bat pandemian oinarritzen bada ere, OMEk beste larrialdi batzuei erantzuten jarraitzen du ".