Ayoade Alakija Afrikako Batasuneko presidentekideak salatu du omikron aldaera txertoen banaketa desorekatuaren ondorioz sortu dela. Bestalde, EMAk bosgarren txertoaren merkaturatzea onetsi du, “eraginkorra, kalitatezkoa eta segurua” dela baieztatuta; oraindik ez dute daturik deltaren eta omikronen aurrean duen efikaziaz.
COVID-19aren kutsatze datuak gorantz doaz mundu osoan, eta OME Osasunaren Mundu Erakundeak astelehenean ohartarazi du omikron aldaera orain artekoak baino azkarrago zabaltzen ari dela. Omikronen sorrera aurreikusi zitekeela azaldu zion BBC hedabideari Ayoade Alakija Afrikako Batasuneko eta Afrikarako Txertoen Aliantzako presidentekideak: “Aldaera hau agertu izana saihestezina izan da. Txerto guztiak herrialde garatuek hartu dituzte eta, ez denez txertaketa orekatua egin munduan, Afrikako eremu zaurgarrienetan omikron sortu da”.
Alakijak ez du ulertzen zergatik “harritu” diren hainbeste nazioarteko agintariak “aldaera arriskutsuago horren agerpenagatik”. Jakinarazi du Afrika “baztertzen” segitzen badute COVID-19aren aldaera berriak eta arriskutsuagoak agertzen jarraituko dutela. “Erantzukizun politikoa” eskatu die agintariei, eta txertoak "berehala" ahalbidetzea herrialde pobretuei.
Europar Batasunean Nuvaxovid txertoa zabalduko dute
Bitartean, Europa txertaketa kanpaina “azkartu eta indartu” nahian dabil. Astelehenean iragarri du EMA Sendagaien Europako Agentziak beste txerto baten “baldintzapeko merkaturatzea” onartu duela, 18 urtetik gorako biztanleentzat: Novavax enpresa estatubatuarraren Nuvaxovid txertoa, hain zuzen. Europar Batasunak baimendutako bosgarren txertoa da, Pfizer, Moderna, AstraZeneca eta Janssenen ondoren.
EMAk ziurtatu du “eraginkorra, kalitatezkoa eta segurua” dela, alfa eta beta aldaerekin egindako ikerketen arabera. Oraindik ez dute daturik deltarekin eta omikronekin duen efikaziari buruz. OMEk jakinarazi du Novavaxen txertoaren ebaluazio independente bat egingo duela. Bi dosi izango lituzke, 21 egunen tartearekin eman beharrekoak. Azaldu dute 2 eta 8 gradu zentigradu arteko tenperaturan mantentzen dela.
Bi saiakuntza kliniko egin dituzte. Lehena, Mexikon eta AEBetan, eta 45.000 pertsona ingururekin egindako emaitzen arabera, sintomak zituzten kasuak %90,4 gutxitzea lortu zuen. Bigarrena Erresuma Batuan egin dute: COVID sintomak zituztenen kasuak %89,7 murriztu ziren txertoaren eraginez. EMAk fidagarritzat jo ditu datuok, eta azaldu du txerto berriaren albo-ondorio posibleak besteen berberak direla: besoko mina, nekea, sukarra, gorputzeko mina eta goragalea. Bi egunetara desagertzen dira.