argia.eus
INPRIMATU
COVID-19aren kontrako txertoen patentea kentzearen aurka agertu da berriro ere Europar Batasuna
  • Hegoafrikaren eta Asiaren eskaerari ezetza ihardetsi dio Europar Batasunak: ez, txertoen patenteak ez dituzte kenduko. Aldi berean, People’s Vaccine Alliance egiturak jakitera eman duenez, EBk 55 milioi txerto dosi baino gehiago botako ditu zaborretara otsaila bukaeran, iraungitze data gainditu dutelako.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko otsailaren 17a
(argazkia: Oxfam)

Europar Batasunak 55 milioi txerto dosi baino gehiago botako ditu zaborretara otsailaren bukaeran, iraungitze data gainditurik. Ehundik gora elkartek osatzen duten People's Vaccine Alliance egiturak plazaraturiko datua dugu hau. Urte hastapenetik Afrikara bidalitako txerto dosien ia bikoitza: 2022ko urtarrilaren 1az geroztik 30 milioi dosi igorri dizkio Europak Afrikari.

COVID-19ari aurre egiteko txertoei dagokienez, deigarriak dira herri pobreen eta aberatsen arteko aldea eta harremanak. Europar Batasuna da txertoen esportatzaile nagusia eta soilik txertoen %8 du Afrikara bideratu. Gaur egun, helduen %11 dago osoki txertaturik kontinente horretan. Deigarria dugu ondoko datua ere: Alemaniak 3.200 milioi euro jaso zituen iaz BioNTech enpresak ordaindutako zergen bidez. Kopuru hori handiagoa da EBk herrialde pobreenak txertatzen laguntzeko Covax funtsera bideratutakoa baino.

Testuinguru horretan die Europar Batasunak Hegoafrikari eta Asiari –Afrikako Batasunaren eta ehun herrialderen sostenguarekin– erantzun: COVID-19aren kontrako txertoen patentea kentzeko bidea blokeatu dute. Txertoaren gaineko jabetza intelektuala indargabetzeko gisan, egoeraren larritasuna kontuan hartu eta salbuespen bat egitea nahi zuten munduaren hegoaldeko herrialdeek.

Europaren "hipokrisia"

Europar Batasunaren "hipokrisia" salatu du Oxfam Gobernuz Kanpoko Erakundeak: "Afrikan txertoen eskuragarritasun baxuari buruzko diskurtso handiekin segitu, eta aldi berean generikoen ekoizpena handitzeko eta txertoen prezioak apaltzeko erabakiak blokeatu? Hori ezin da. Hein handi batean Europaren erruz dira txertoak pribatizatuta, nazioarteko negoziazioak blokeatzen dituelako, farmazia-talde sorta baten onura handien zerbitzura”.

The Economist komunikabidearen ikerketa batek plazaratu duenez, COVID-19aren eraginez hildako guztiak ez dira kontabilizatuak Afrikan. 7.000 lirateke egunero. Oxfam-ek berretsi egin du izurriteari aurre egiteko bide bakarra "planeta osoa txertatzean" dagoela.