Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren azken txostenaren arabera, COVID-19ak eragindako heriotza kopurua oraingoaren bikoitza izango litzateke, haren kontrako txertoaren kanpaina martxan jarri ez balitz.
Astero argitaratzen duen txosten epidemiologikoak COVID-19 gaixotasunaren kontrako txertaketa kanpainaren eraginkortasunari buruzko datuak dakartza Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak, Nafarroako Gobernuko Osasun Zuzendaritza Orokorrari loturiko erakundea. Bere kalkuluen arabera, txertaketa hasi zenetik, txertoen eragin zuzenagatik 170.000 infekzio eta 9.000 ospitaleratze gutxiago izan dira. Gainera, ZIUetako oheetan 1.100 lagun gehiago egotea eragotzi eta 1.500 lagunen heriotza ere saihestu du kanpainak.
Orain arte Nafarroan 190.000 pertsona infektatu eta 1.400 hil dira koronabirusagatik, Euskalerria Irratiak emandako datuei kasu eginez. Hau da, txertaketa kanpainarik izan ez balitz heriotzen kopurua "ia bikoiztu" egingo litzateke. ZIUetan dauden pertsonen kopurua, berriz, bi bider eta erdi aldiz handiagoa litzateke, orain arte 700 baitira ohe horiek okupatu dituzten pertsonak.
Txostenean azaltzen denez, "ondo txertaturiko" pertsonen artean infekzioaren ondorioz ospitaleratua izateko probabilitatea %90 txikiagoa da eta ZIUetan ingresatzekoa %95 txikiagoa –Omikron aldaeraren kasuan ere bai–. Baina txertoak infekzio guztiak saihesteko ahalmena ere txikiagoa denez, "prebentzio-neurri osagarriak" hartu behar dira institutuaren arabera, ez infektatzeko eta ez kutsatzeko: distantzia fisikoa mantentzea, maskara erabiltzea, ekintzak ahal dela aire librean egitea, barrualdeetan aireztapen egokia edukitzea...
Berriz infektatu direnak
Pandemia hasi zenetik 7.000 pertsona infektatu dira gutxienez bi aldiz COVID-19arekin Nafarroan, eta azkeneko astean 983 berrinfekzio kasu diagnostikatu dira. Alabaina, pertsona horien gehiengo handi batek modu arinean igaro du gaixotasuna eta soilik bi lagun ospitaleratu behar izan dituzte, txosten epidemiologikoak dioenez.
COVID-19a igaro dute pertsonek berriz infektatzeko arrisku gutxiago dutela dio institutuak, eta datu bat ere eman du: berrinfekzioa izateko aukera hamar aldiz txikiagoa da kasu horietan. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, "abantaila hori murriztu egiten da", txostenean irakur daitekeenez.