Metil-prednisolona glukokortikoidea emanda, gaixoen sintomek hobera egiten dutela hauteman dute Gurutzetako Ospitaleak, Biocruces Bizkaiak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta CIBERESP ikerketa zentro biomedikoak egindako ikerketa batean.
Euskal ikertzaileek COVID-19 gaitzak eragindako neumoniaren hilkortasuna murriztu dezakeen sendagai batekin jo dute. Metil-prednisolona glukokortikoide delakoaren dosiak pazienteen hilkortasuna gutxitu eta intubazioa saihestu dezake. Gurutzetako Ospitaleak, Biocruces Bizkaiak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta CIBERESP ikerketa zentro biomedikoak eskuz esku egindako ikerketa baten emaitza izan da.
EITBk aditzera eman duenez, Plos One aldizkari zientifikoak argitaratu du ikerketa. Bertan emandako zehaztapenei jarraiki, metil-prednisolonaren dosi altuak hiru egunez jaso ostean, gaixoek eboluzio positiboa izan dute.
Karbohidratoen metabolismoaren erregulazioan laguntzen duen hormona horri esker, hilkortasun arriskua jaitsi eta intubazioa ekiditen lagundu dezakeela uste dute. Hala, ZIUn larriki gaixotutako gutxiago ingresatuko lirateke.