argia.eus
INPRIMATU
COVID-19aren eragina orain arte munduan, sei taulatan azalduta
  • COVID-19 pandemiak abuztuaren 6a arte munduan utzi ditu 27.283.718 pertsona kutsatu (testeatuta positibo eman dutenak) eta 887.305 jenderen heriotza eragin du, Lurra planetan bizi den milioiko 113,8. Biktima gehien nozitu duten herrialdeak zeintzuk diren argitzen dute Worldometers estatistika zerbitzuaren tauletatik aterata ondoren aurkezten ditugun sei argazkiok. Tamalez, Euskal Herria ranking horretan nola kokatzen den jakiteko estatistika ofizialik ez dugu inon.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 07a
Munduan abuztuaren 6a arte COVID-19 kasu gehien detektatu dituzten 10 herrialdeak. (Iturria: Worldometers)

COVID-19ak eragindako biktimetan herrialde kaltetuenen rankinga egiterakoan, irudi ezberdina eskuratuko dugu segun eta zein irizpideri jarraitzen diogun. Albiste honen goiburuan ipini dugunak jasotzen du Worldometersen estatistika taula ordenatuta herrialde bakoitzak abuztuaren 6a arte metatu dituen koronabirus positibo ofizialki ezagutuen arabera, "Total Cases" (Kasuak totalean) zutabeari jarraituz.

Amerikako Estatu Batuak dira munduko txapeldun, ia 6,5 milioi kasurekin, ondotik India eta Brasilek gainditu dituzte 4 milioi positiboak. Ondoren aurkeztuko ditugun koadroetan bezala, Worldometersek (koronabirusaren jarraipena zehatzen egiten duen estatistika zerbitzua) biltzen dituen munduko herrialde guztietatik rankingeko 10 kaltetuenak hartu ditugu hemen.

(Ohartxo bat koadroari begiratzean ez nahasteko: ez egin kasorik gorriz tindatutako zutabeari, estatistiketan nabarmentzen ditu azken egunean herrialde bakoitzak jasan dituen heriotzak).

Orain munduko estatistikak baina heriotza kopuru absolutuetatik begiratuta:

COVID-19agatik abuztuaren 6a arte heriotza kopuru absolutu handiena nozitu duten 10 herialdeak.

Nabarmena da kasu kopuru handienekoa izan arren Errusia ez dela ageri heriotza kopuru handiena nozitu duten 10 herrialdeen artean. "Total Deaths" (Heriotza totalak) zutabeak biltzen ditu ranking honen ordena markatzen duten kopuruak.

Baina COVID-19an eragindako kalte humanoen neurri egokiagoa erakusten du milioi biztanleko nozitutako heriotzen rankingak:

Hemen "Death/1M pop" (Heriotzak/ milioi bat biztanleko) zutabean ageri denez, San Marino ñimiñoaren ondotik egoera larriena bizi dute Peruk, Belgikak, Andorra txikiak eta gero Espainiak (horren inguruan ibiliko gara euskaldunok, ez bada aurretik) eta Erresuma Batuak.

Munduan hori baldin bada panorama, europarroi interesatuko zaigu gure kontinenteko egoera. Hona COVID-19 positibo kopuru handienen arabera ("Total cases") sailkatutako lehen 10 herrialdeak zeintzuk diren:

Ondoren rankinga heriotza kopuru absolutuen ("Total Deaths") ikuspegitik eginda:

Eta aurreko biak baino are azalpen zuzenagoa ematen duen hirugarren koadroa, milioi biztanleko nozitutako heriotzen arabera kaltetuenak diren 10 herrialdeak:

Dagokion zutabean, eskuineko "Deaths/1M pop" dioen horretan, ageri denez, duela hilabete batzuk bezalatsu jarraitzen du taulak, San Marino txikia nagusi, Belgika bigarren, Andorra ondotik, gero Espainia, Erresuma Batua asko hurbildu zaio Espainiari (inguruan ibili behar dugu euskaldunok) eta kasik Italia harrapatuz Suedia. Datu hau ez lukete bistatik galdu behar suediarrek COVID-19aren aurrean eraman duten estrategia laudatzen dutenek.