Kolore marroi iluna, 100.000 biztanleko 250 kasu baino gehiago irudikaten dituena, zabalduz doa Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroak (ECDC) zabaldu duen mapan ageri denez, kutsadura kasuak eta baita heriotzak ere ugarituz. Euskal Herriari dagokionez, Euskal Autonomia Elkartean kutsadurak 300eko tasa gainditu du eta Nafarroa 700etik gora dabil.
Europa osoan hartu du abiadura handia COVID-19ak urriaren bigarren astean, ECDCk eskainitako datuetan ikus daitekeenez. Kutsadura tasei dagokienez (100.000 biztanleen artean detektatutako koronabirus positiboak), Txekiak 701 dauka tasa, Belgikak 577, Herbehereek 461, Frantziak 346, Erresuma Batuak 320, Espainiak 304 (EAEk 305), Islandiak 299, Luxenburgok 268, Eslovakia 243...
COVID-19aren bigarren uhina hartzen ari den abiadurak eraman ditu Europako agintari asko harreman sozialak murrizteko neurriak zorroztera (Madrilen konfinamendu perimetrala, Parisen gaueko 21:00etatik goizeko 06:00etara karrikara irteteko debekua, Bartzelonan jatetxe eta ostatuen itxiera...) eta adituak gero eta ozenago konfinamendu laburren beharra azpimarratzera. Osasunaren Mundu Erakundearen ohartarazpenak ere ildo horretatik doaz.
Hego Euskal Herrian, Nafarroako agintariak hegoaldeko hainbat herriri konfinamendu perimetrala ezartzeaz gain lurralde osorako neurri berriak hartu beharra iradokitzen ari dira behin eta berriro: Nafarroa da Espainiako estatu osoan koronabirusez gehien kutsatu den komunitate autonomoa. EAEn ere okerrera doa egoera, batik bat Gipuzkoan, eta gauzak udal bakoitzean nola dauden are grafikoago ikusi ahal izateko Osakidetza eguneroko buletinetan hasi da kolorez nabarmentzen estuen dabiltzan 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerriak: 100.000 biztanleko X tasa markatzen duen tokia koloreztatu barik dago tasa 60 baino txikiagoa denean, horiz margotua tasa 60-299 artean dagoenean, laranjaz 300-499 eta gorriz 500 gainditzen duenean.
Pandemiaren gaiztoagotzeak eraginda, Hego Euskal Herrian ere neurri berriak ezarriko dituzte agintariek, itxura guztien arabera. Larunbaterako Iñigo Urkulluk deitu du COVID-19aren jarraipena egiten duen batzordea, neurri berriak erabakitzeko helburuz. Naiz-ek zabaldu duenez, neurriokin aurrea hartu nahiko lioke jadanik Espainiako Gobernuak eskuartean darabilen neurri pakete berriari. Honen arabera, Nafarroa jadanik sartuta legoke COVID-19ak eragindako alertaren 4. fasean –muturreko alertan, alerta máxima– eta EAE 3.ean, alerta handian, nivel alto.
Naiz-en arabera, Urkulluk bihar ezagutaraziko duen neurri saila 3. fase horri dagozkionez edo oso antzekoz osatua egongo da: bilkurak gehienez ere 6 lagunetara mugatzea, ostatuen barruan kontsumitzea debekatu eta kanpoko aforoak erdira murriztea, komertzioen aforoa laurden batera murriztea, zahar etxeetako bisiten murrizketa, garraiabideen aforoa heren batera mugatzea...
(Albiste hau arratsaldeko 17:04an editatu da)