Aurreikuspen falta, hamabi ordu baino gehiagoko lan-txandak, osasun zentro bakoitzean protokolo desbedinak... Azaro hasierako Espainiako eta EAEko Lan-Ikuskaritzaren txosten batek agerian utzi ditu COVID-19aren krisian Osakidetzan izandako hainbat “irregulartasun”. Neurri zuzentzaileak aplikatzeko eskatu dio EAEko osasungintza publikoari aste hau amaitu baino lehen.
Espainiako Lan-Ikuskaritzak egindako txosten batek agerian utzi ditu Osakidetzan koronabirusaren aurrean hartutako neurrien irregulartasunak. ElDiario.es-ek eskuratu duen 82 orrialdeko dokumentuak nabarmendu duenez, une batzuetan Osakidetzako langile guztien %4,1 egon da kutsatuta –aste honetako datuen arabera, pertsonal osoaren %2k dauka birusa, 800 langilek alegia–.
Gauzak ez direla ongi egin pentsatzeko arrazoiak ematen ditu txostenak, ElDiario.es-en arabera. Galdakaoko ospitaleko arriskuen balorazioa nola egin zen aztertzeak, adibidez, uste hori baieztatzen du: COVID-19arengatik hil zen lehenbiziko osasun-langilea ospitale horretan ari zen beharrean, baina hala ere, arriskuen balorazioko zati batzuk, kutsaduren gorakadarekin lotutakoak, ekainean egin ziren, kutsatze kopuruaren beherakadaren ebaluazioa baino pixka bat lehenago. “Horrek argi erakusten du pandemiaren gorakadan ez zela egin, a posteriori baizik”, dio txostenak.
“Irregulartasunak” azpimarratu ditu Lan-Ikuskaritzaren dokumentuak. “Ez dira antolakuntza-neurriak aurreikusi, ezta babes kolektibokoak ere”, txostenaren arabera. Gainera, ospitale batzuen eta besteen arteko desberdintasunak azpimarratu ditu, guztietan ez baitira protokolo berak erabili ezta aldi berean indarrean jarri ere. “Agerikoa da ez direla har zitezkeen neurri guztiak hartu”, dio txostenak.
12 ordu baino gehiago COVID-19arekin kontaktuan
EAEko osasun-sistemak hobetu beharko lituzkeen gai konkretu batzuk ere aipatu ditu txostenak. Adibidez, ez dela baloratu lan-ordu kopuruak eta atseden-uneek nola eragiten duten birusaren kutsatze-arriskuan. Lan-Ikuskaritzaren ustez “ez da onargarria birusarekin kontaktua izan dezaketen langileen kopurua murrizteko premia erabiltzea lan-jardunaldiak mugatzeko neurriak hartzea eragozteko”. Besteak beste, onartezintzat jo du COVID-19arekin kontaktua duten ospitaleetako sailetan ari diren langileek hamabi ordu baino gehiagoko txandak egitea, hainbeste lan egin duen pertsona batek higiene protokoloak betetzea eragozten duelako besteak beste.
Gainera, birusaren lehen oldean izandako hornidura arazoak azpimarratu ditu txostenak, batez ere babes materialei dagokienez. Berrerabilitako materialen erregistrorik ez egin izana eta material horien jarraipenik ez egin izana ere txarretsi dio txostenak Osakidetzari. Lehen unean materialak eskuratzea zaila izan zela ulertu arren, bestelako neurri prebentiboen falta ere aipatu du Lan-Ikuskaritzak.
Neurri zuzentzaileak eta galderak Legebiltzarrean
Irregulartasun horiei aurre egiteko hainbat neurri proposatu dizkio Lan-Ikuskaritzak Osakidetzari. Neurri horiek berehala bete beharrekoak dira, abenduaren 5era arteko epea eman dio EAEko osasungintza publikoari. Proposatutako neurrien artean daude, otorduen aurretik langileei garbiketarako hamar minutu uztea edo COVID-19arekin kontaktua duten zirkuituetan ari diren langileen jardunaldiak ez ditzala hamabi orduak gainditu.
Txostenak zeresana eman du EAEko Legebiltzarrean ere. Rebeka Ubera EH Bilduko kideak Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari zuzendutako hainbat galdera erregistratu zituen azaroaren 30ean, txosten horren ondorio batzuen harira exekutibo autonomikoak zer neurri hartuko dituen galdetuz.