argia.eus
INPRIMATU
COVID-19aren aurkako txertoak hilekoaren zikloan aldaketa iragankorrak eragin ditzakeela dio ikerketa batek
  • Extremadurako Unibertsitateko ikerlari-talde batek zuzendu du ikerketa, eta galdekatutako 17.515 emakumeetatik ia erdiek hilerokoan alterazioak sumatu dituzte: iraupenean, isuritako odol kantitatean edota menstruazio aurreko sintometan.

Leire Artola Arin 2022ko urtarrilaren 17a
Eskatu dute txertoaren albo-ondoriotzat hartzeko ziklo menstrualaren aldaketa. / Argazkia: Getty Images.

Hainbat adituk kritikatu dute ez direla kontuan hartu COVID-19aren aurkako txertoen albo-ondorioetan emakumeen gorputzetan eragiten dituen efektuak, ziklo menstrualari lotutakoak. Azken hilabeteetan zenbait ikerketa abiatu dira hori aztertzeko; horietako bat da Extremadurako Unibertsitatea zuzentzen ari dena, Cristina Carrasco eta Ana B. Rodriguez ikerlariak gidari dituena, Miriam Al-Adib Mendiri ginekologo eta obstetraren laguntzaz. Esanguratsuak dira aurreratu dituzten lehen datuak: galdekatutako 17.515 emakumeetatik erdiei (%45-%50 artean) ziklo menstruala aldatu zaie txertoa hartutakoan edota COVID-19 izandakoan.

Ikerlari-taldearen arabera, ziklo menstrualean aldaketa izan duten emakumeen kasuak hainbeste izanik, sendoa da txertaketa eta zikloaren alterazioa lotzeko argudioa. Aldaketak izan dituzte hilerokoaren iraupenean (%46,8k), odol-jarioan (%44,5ak), hilerokoen arteko odol-isurietan eta menstruazioaren aurreko sintometan.

Al-Adib ginekologoak honelaxe deskribatu du txertoaren albo-efektua: “Txertoak immunologia-aktibitate handia sortzen du, eta horrek berak alteratu dezake ziklo hormonala eta menstruala orekatzen duen ardatza, hipotalamo-hipofisi-obario artekoa”. Azpimarratu du ikerketa hasi besterik ez dela egin.

Albo-ondorio iragankorrak

Granadako Unibertsitateak ere ikerketa bat abiatu zuen, Laura Baena emaginak eta Olga Ocon ginekologoak zuzendutakoa; Eldiario.es atariak jaso duenez, emaitzak aztertzen ari dira oraindik. Oconen hitzak bildu ditu hedabideak: ginekologoak dio segur aski zikloaren aldaketak iragankorrak izango direla, eta emakume gehienen kasuan ez diela eragingo osasunari ezta ugalkortasunari, baina efektu horiek existitze hutsagatik agertu egin beharko liratekeela COVID-19aren aurkako txertoaren albo-ondorio gisa. “Sukarra zein buruko mina eragin diezakezula dakizun modu berean jakin behar duzu hau ere pasa dakizukeela. Bestela, azalpen jakinik gabeko hamar eguneko odol-jarioa izan eta beldurtu egingo zara”, azaldu du.