argia.eus
INPRIMATU
Patenterik gabeko COVID-19aren aurkako txerto “librea” Indian erabiltzea baimendu dute
  • Patenteetatik libre dagoen COVID-19aren aurkako txerto berri bat sortu du Texasko haurrentzako ospitaleko txertoen garapenerako zentroak (AEB). Indiak dagoeneko onartu du txerto hori erabiltzeko emergentziazko baimena eta haren sortzaileek espero dute laster Indonesian, Bangladeshen eta Botsuanan ere erabili ahalko dutela.

ARGIA @argia 2022ko urtarrilaren 10a
Argazkia: Texas Children's Hospital.

Corbevax izena du patenterik gabeko txertoak eta B hepatitisaren aurka erabilitako prozesuaren antzekoa izan dute ardatz hura ekoizteko. Jatorrizko COVID-19aren aldaeraren aurrean %90eko eraginkortasuna daukala azaldu du ospitaleak prentsa-ohar batean. Delta aldaerari dagokionez, %80tik gorako eraginkortasuna daukala ere baieztatu dute, sintomak dauzkan kutsatutako jendearen artean.

“Hamarkada batez koronabirusei aurre egiteko prototipoak garatzen egindako aurrerapenek ekarri dute txerto honen sorrera”, azaldu du zentroko zuzendari Maria Elena Bottazzik. Jatorriz Honduraskoa den ikerlari honek gaineratu duenez, Corbevax txertoa lagungarria izango da fabrikatzeko garestiagoak diren beste txertoekin sortu den problemari aurre egiteko: ez direla mundu osoarentzat irisgarriak, ez fabrikazio aldetik, ezta prezio aldetik ere.

Corbevax garatu dutenek gogora ekarri dutenez, seguruak eta kostu baxukoak diren txertoen premia larria dago herrialde pobreenetan COVID-19aren pandemiari aurre egiteko. “Hegoalde Globaleko populazioen txertaketa orokorrik gabe, birusaren aldaera berriak agertuko dira eta oztopatu egingo dituzte gaur egun eskura dauden txertoekin AEBetan eta Mendebaldeko beste herrialdeetan egindako aurrerapenak”, adierazi dute aipatutako agirian.