argia.eus
INPRIMATU
COVID-19aren aurkako Oxfordeko txertoaren entsegua etetea erabaki du laborategiak
  • Proban parte hartu zuen pertsona batek gaixotasun arraro bat garatu duenez, ikerketa geldiaraztea erabaki dute.

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 09a

AstraZeneca botika enpresa multinazionalak iragarri duenez, COVID-19ren aurkako txertoaren entsegua bertan behera uzteko erabakia hartu du, izan ere, parte hartzaileetako batengan "azalezina izan daitekeen gaixotasun bat" agertu omen da, eta konpainiak "errutinazkoa" dela esan du.

Eitb.eus atariak argitaratu duenez, gaixotutako boluntarioa Erresuma Batukoa da, eta sendatzea espero dute. Bien bitartean, azterketa klinikoa bere horretan geratu da."Oxfordeko koronabirusaren aurkako txertoaren saiakuntza global kontrolatu eta aleatorizatuen barruan, gure berrikuspen prozesu estandarrak txertaketa gelditu du segurtasun datuak berrikusi ahal izateko", adierazi du konpainiak ohar batean.

"Entseguetako batean azaldu ezin den gaixotasun bat dagoenean egin beharreko ohiko ekintza da, entseguetako baten osotasuna mantentzen dugula ziurtatuz", gaineratu du AstraZenecak, AEBetako prentsaren arabera. Enpresa farmazeutikoak gaineratu duenez, saiakuntza handietan "gaixotasunak kasualitatez agertuko dira", baina baldintza horiek "banan-banan berrikusi behar dira, datuak kontu handiz egiaztatzeko".

Testuinguru horretan, AstraZenecak esan du “ekitaldi bakan horren berrikuspena bizkortzeko" lanean ari direla, "saiakuntzaren denbora-lerroan izan daitekeen edozein eragin murrizteko".

AstraZenecaren aurreikuspenek ziotenez, 2021eko lehen seihilekoan eskura izan behar zuten txertoa, eta Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) munduko aurreratuenetakotzat jotzen zuen. Dirudienez, emaitzek itxaron egin beharko dute ordea.