argia.eus
INPRIMATU
COVID-19aren aurkako pilulak iritsi dira Hego Euskal Herrira
  • Hego Euskal Herrira pilulaz betetako 722 kaxatxo iritsi dira, COVID-19a larri pasatzeko arrisku handiko gaixoentzat zuzenduta. Europar Patasunak COVID-19arentzako ahotik hartzeko gomendatu duen lehen pilula antibirikoa da Pfizerren Paxlovid eta Espainiako Gobernuak 253 milioi euro gastatu ditu botika hau erosten.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 29a

Nafarroako farmazietan eta ospitaleetan apirilaren 4tik aurrera hasiko dira arrisku handiko COVID-19 gaixoei Pfizerren botika antibirala ematen. Paxlovid du izena. Martxoaren 29an jaso dituzte Nafarroan lehen 166 kaxatxoak eta "laster" beste 392 jasotzea espero dutela adierazi du Nafarroako Gobernuak. EAEren esku beste 556 tratamendu utzi ditu Espainiako Gobernuak.

Ez da COVID-19 gaixo denentzako moduko tratamendua. Helduei zuzenduta dago, ospitaleratu gabe egonik ere gaitza larri pasatzeko arriskua dutenei. Immunitate arazo larriak dituztenei ere emango zaie (transplanteren bat jaso dutenei edo odoleko minbizia dutenei), 80 urtetik gora izanik txertoa hartu ez dutenei, edo txertoa hartu izanagatik ere arrisku handia dutenei.

Eta botika hartzeko jarraibidea, sintomak hasi eta lehen bost egunetan hartzen hastea da, bost eguneko tratamendua eginez.

Antigorputzak dituzten gorputzengan askoz eraginkortasun txikiagoa

Nafarroako Gobernuak oroitarazi du botika honen eraginkortasuna frogatzeko ikerketak txertorik hartu ez zuten gaixoetan egin zirela eta beraz, oraindik ez dela ezagutzen txertoa hartu duten pertsonengan duen eraginkortasuna. Baina ohartarazi dute COVID-19aren aurrean antigorputzak garatuta zituzten pertsonengan botika honen eraginkortasuna hamar aldiz txikiagoa izan zela.

Paxlovid botikaren onurak eta arriskuak

Hemen irakur daiteke Espainiako Botiken Agentziak Paxlovid botikaz eginiko txostena. Bertan azaltzen denez, 18 urtez gora izan eta COVID-19 larri jasateko beste gaitzen bat bazeukaten pertsonekin egin zuten froga (diabetea, asma, bihotzeko gaitzak...); hori bai, aurrez COVID-19a pasa ez zutenekin eta beraz, antigorputzak garatu gabe zituztenekin. Emaitzek azaltzen dutenez, 12 pertsona hil ziren ikerketa honetan plazeboa hartu zutenen artean, eta batere ez botika hartu zutenen artean.

Paxlovid kontuz hartu beharreko botika da: giltzurdinetako arazoak dituztenek dosi txikiagoan hartu behar dute botika hau. Horrez gain, beste botika askorekin albo kalte larriak eragin ditzake eta horregatik, Nafarroako Gobernuak adierazi du medikuak erabaki behar duela gaixo bakoitzari komeni zaion edo ez.

Espainiako Gobernuak 253 milioi euro gastatu ditu botika honetan

Otsailaren 8an Espainiako Ministroen Kontseiluak adostu zuen 253 milioi euroko mailegu berezi bat gehitzea Osasun Sailaren aurrekontuan. Botika kopuru mugatua dagoenez, Espainiako Gobernuak aldebiko akordioa egin du zuzenean Pfizerrekin, dosiak ziurtatzeko.

HIESAri aurre egiteko erabiltzen den botika da tratamenduaren zati bat

Paxlovid tratamenduak bi pilula hartzea eskatzen du. Bata da PF-07321332 deitu diotena eta elementu hauek osatzen dutena: ziano, oxopirrolidin, etil, dimetil, trifluoroazetamido, butanoil, azabiciclo, hexano, carboxamida.

Eta beste pilula ritonavir da, HIESAri aurre egiteko beste hainbat botikarekin batera hartzen dena.