argia.eus
INPRIMATU
COVID-19ak orain arte 2.148 pertsona hil ditu Euskal Herrian, milioiko 677
  • Azken 7 egunetan 8 heriotza gehiagorekin handitu da koronabirus biktimen kontabilitatea: COVID-19ak orain arte Euskal Herrian hildakoak denetara 2.148 dira, milioiko 677 heriotza. Euskaldunok estatu independentea bageneuka, une honetan munduko hirugarren herrialde kaltetuena ginateke, San Marino eta Belgikaren ostean.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2020ko ekainaren 26a

Ekainaren 25a arte COVID-19ak Euskal Herrian hil ditu 2.148 jende, 31.013 kutsatu eta 238 daude ospitaleratuta. Heriotzetatik 1.609 Euskal Autonomia Erkidegoan gertatu dira, 10 Ipar Euskal Herrian eta 529 Nafarroan.

Nabarmentzekoa da EAE barruan heriotza berrien informaziorik ez duela eskaintzen Eusko Jaurlaritzak probintziaka maiatzaren 14tik: Osakidetzak bere txostenetan EAEko herri guztiak alfabetoaren arabera dakartza, nahastuz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoak, eremu bakarra bailiran. Bitxia eta zerbaiten adierazgarria, kutsatuen kasuan probintziak ondo bereizten dituelako.

Probintzia bakoitzaren datuak bereiztea oso inportantea da, lurralde bakoitzak oso ezberdin nozitu baititu koronabirusaren kalteak. Osakidetzaren estatistikekin, Ekainaren 21a arte hilkortasun tasa EAEn milioiko 732 zen, Araban 1.133, Bizkaian 807 eta Gipuzkoan 431. Nola sar daitezke sistematikoki zaku berean Gipuzkoa, honen heriotzen ia bikoitza nozitu duen Bizkaia eta kasik hirukoitza metatu duen Araba?

Euskal Herriak osotasunean hartuta Ekainaren 25ean hilkortasun tasa dauka milioi 1eko 677tan. Kopuru horrekin, eta Worldometers estatistika zerbitzuan oinarrituz, euskal estatu independente bat balego munduko biktima gehienen rankingean hirugarren legoke, aurretik edukiz San Marino (1.236) eta Belgika (839); atzetik geneuzkake Andorra (673), Erresuma Batua (637), Espainia (606), Italia (574), Suedia (518), Frantzia (456), AEB (383)...