argia.eus
INPRIMATU
COVID-19ak dagoeneko 900.000 pertsona hil ditu munduan
  • Irailaren 9an COVID-19ak mundu osoan eragin dituen heriotzak 900.000 izatera iritsi dira, Worldometers estatistika zerbitzuaren arabera. Kutsatuta daudela ofizialki frogatutzat emandakoak 28 milioi dira dagoeneko, eta horietatik 20 milioi jo dira sendatutzat. Munduan bataz beste milioi biztanleko 116 hil ditu koronabirusak

ARGIA @argia 2020ko irailaren 10a
Peru da gaur arte munduan koronabirusagatik heriotza gehien sufritu dituen herrialdea, milioi bat biztanleko 915 hildakorekin. (Argazkia: RTVE)

Koronabirusak eragindako 900.000 heriotzetatik 195.000 AEBetan gertatu dira. Brasil da bigarren herrialde kaltetuena 128.000  heriotzarekin eta India hirugarrena, 75.000ekin. Ranking ilunean buru doan hamarrekoa honakook osatzen dute: Mexiko (68.400), Erresuma Batua (41.600), Italia (35.500), Frantzia (30.800), Peru (32.200), Espainia (29.600) eta Iranek (22.600).

Alabaina, herrialde bakoitzak dauzkan biztanleak kontutan hartuta, proportzioan heriotza gehien nozitu dituzten herrialdeen zerrendak bestelako itxura bat hartzen du. Horrela, Italia barruan berezirik kontabilizatzen den San Marino txikiak 42 hildakorekin harrapatzen du milioiko 1.237 heriotz tasa. Gainerakoan, egunotan Peruk hartu du lehen lekua zerrenda triste horretan, milioiko 915 heriotzarekin, aurrea hartuta luzaz lehena izan den Belgikari (855). Proportzioan heriotza gehien jasan duten hamarreko taldean honakoak ageri dira ondoren: Andorra (686), Espainia (634), Erresuma Batua (612), Txile (611), Bolivia (606), Ekuador (605) eta Brasil (604). Horien ostean hiru herrialde aberats datoz: Ameriketako Estatu Batuak (589), Italia (589) eta Suedia (578). Frantzia 16. lekuan dago milioiko 472 heriotzarekin.