argia.eus
INPRIMATU
COVID-19ak boterea elite aberatsei transferitzea azkartuko du, NBEren pobrezia kontalariak ohartarazi duenez
  • Nazioarteko erakundeek desberdintasunaren aurkako borrokan duten “autokonplazentzia” salatu du NBEk pobreziaren inguruko txosten batean.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 08a
Phlip Alston. Argazkia: Committe for Justice Argazkia: Committe for Justice

Philip Alston NBEko pobrezia kontalariak “egoera tamalgarria” azpimarratu du bere azken txostenean, El Saltok jaso duenez. Bere ustez, mundua “bidegurutze existentzialean” aurkitzen da: “Pandemia, krisi ekonomiko sakona, klima-aldaketa suntsitzailea, muturreko desberdintasuna eta herrialde askotan arrazakeriaren prebalentziari aurre egiten dion mugimendua inplikatzen dituena".

Alstonek horren ondorioak aurkeztuko ditu datozen egunetan Genevan. Gobernuek, ekonomialariek eta giza eskubideen defendatzaileek pobreziari heltzean darabilten informazio zaharkituaz mintzatuko da. Pobrezia desagerrarazteko "iniziatiba falta" azpimarratu du.

Alstonen ustez, nazioarteko erakundeek darabilten “autokonplazentzia” Munduko Bankuak pobreziaren murrizketa neurtzeko erabiltzen dituen formulekin “bereziki areagotu” da. “Hamarkada galdua” izan da bere ustez azkenengo hau. Alstonen arabera, neurketa horren arabera munduko pobrezia jaitsi bada, herrialde bakar batean gabezia materialak gutxitu direlako gertatu da, Txinan, zehazki.

Pandemiak 70 milioi pertsona gehiago muturreko pobrezia egoeran uztea aurreikusten da. Gaur gaurkoz, 250 milioi pertsona baino gehiago “gose larria pairatzeko arriskuan” aurkitzen dira, txostenaren arabera. Alstonen ustez, erantzunak, arazoari aurre egin baino, baldintza kaxkarragoak eragin ditu; izan ere, gobernuek dirua “praktika errepresiboetan” eta “espetxe-sistemetan” inbertitzen jarraitzen dutela ohartarazi du. Aldi berean, "komunitate pobreei oinarrizko eskubideak kentzen dizkie, hala nola arreta mediku ona, etxebizitza eta hezkuntza".

"Babes sozialeko oinarriak ezarri izan balira, arreta medikurik, elikagai egokirik eta etxebizitza egokirik gabe geratu diren ehunka milioi pertsona ondorio okerrenetatik salbatuko ziratekeen", azaldu du Alstonek txostenean. Aldiz, defizita kontrolatzeko "presio amaigabeek" eta aberatsenentzako zergen beherapenek, babes sozialeko sistemak "XIX. mendeko ereduetatik gertuago" eraman dituzte, azaldu du NBEko kontalari ohiak.

Egoera hori COVID-19aren ondorengo austeritate politikekin konbinatzen denean, "botere ekonomikoa eta politikoa elite aberatsei transferitzea azkartu egingo da”. Une horretan pobrezia globalaren irismena eta sakontasuna “politikoki jasangaitzagoak eta lehergarriagoak izango dira", ondorioztatu du Alstonek.