argia.eus
INPRIMATU
COVID-19ak 10 milioi jende kutsatu eta 500.000 hil ditu munduan orain arte
  • Joan den asteburuan bi mugarri gainditu ditu COVID-19 pandemiak: mundu osoan dagoeneko milioi erdi hil du eta 10 milioitik gora kutsatu. Horiek dira munduko estatuetako agintariek berretsitako kasuen datuak, ziurra baita askoz gehiago direla testeatu barik SARS-Cov-2 birusa daukaten edo eduki duten jendeak.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 29a

Worldometers estatistika zerbitzuak azaldu duenez, ekainaren 29ko goizaldera arte munduan koronabirus pandemiak hildakoak 504.078 ziren, bezperako egun bakarrean 3.454 heriotza kontabilizatuta. Kutsatuak denetara 10.238.287, azken egunean 163.172 berri gehituta. Osasun agintarien kontabilitatean sendatuak orain arte 5.549.958 eta, aldiz, kutsatuetatik 4.184.251 jendek oraindik birusa aktibo daukatela uste dute. Munduan batez beste milioi bat biztanletik 64,7 hil ditu COVID-19ak.

Uste da pandemiaren biktima kopuru errealek askoz handiagoak izan behar dutela: bateko eta besteko herrialdeek kasu susmagarriak testeatzeko eta COVID-19agatiko heriotzak definitzeko modu ezberdinak darabiltzate, estatistikak erritmo ezberdinetan burutzen dituzte, kasu asko eta asko testeatu gabe geratzen dira... Koronabirusez kutsatuek askoz gehiago izan behar dute ofizialki aitortutako 10 milioi horiek baino.

Ofizialki berretsitako kasuak astean milioi batez ugaritu direla nabarmendu du Osasunerako Mundu Erakundeak eta kutsatze ratioak bikoiztu egin direla joan den maiatzaren 21etik hona. AEBek jarraitzen dute munduko kutsatu kopuru handiena nozitzen, 2,63 milioi. Brasilen 1,34 milioi jende kutsatu dira, Errusian 634.000, Indian 549.000, Erresuma Batuan 311.000, Espainian 295.000, Perun 279.000, Txilen 271.000, Italian 240.000, Iranen 222.000...

Heriotza kopuruetan ere AEB doa ranking iluneko txapeldun 128.437 jende hilda. Brasilen hil dira 57.658, Erresuma Batuan 43.550, Italian 34.738, Frantzian 29.778, Espainian 28.343, Mexikon 26.381, Indian 16.487, Iranen 10.508, Belgikan 9.732...

Heriotzak milioi 1 biztanleko San Marinon 1.238 dira, Belgikan 840, Andorran 673, Erresuma Batuan 642, Espainian 607, Italian 576, Suedian 523, Frantzian 456, AEBetan 388, Herbeheretan 356...  Konparazio bat egiteko, Euskal Herria estatu independentetzat kontatuko balute, rankinean 3. legoke milioi bat herritarreko 678 heriotzarekin.