COVID-19a harrapatu eta hamabi astera arte sendatzea lortzen ez dutenei "iraunkor" deitzen zaie. OMEren arabera, COVID-19a hartzen duen hamarretik bati gertatzen zaio eta hauek jasaten dituzten sintoma ohikoenak nekea, aire falta, giharrak minberatuta izatea, usaimen eta gustu galera eta buruko galerarekin lotutako beste hainbat dira (memoria galtzea, desorientazioa, kontzentratzeko eta ikasteko ezintasuna). Nafarroako Osasunbideak lantalde tekniko bat jarri du martxan, gaixo hauek arreta integrala jaso dezaten zirkuituak koordinatzeko. Horrez gain, COVID-19 iraunkorra duten gaixoen erregistroa ere egingo du, honi buruzko ezagutza hobetzeko.
Osasunbideak lantalde tekniko bat izendatu du gaixo iraunkorren arreta bideratzeko, zirkuituak bateratzeko eta gaixo hauei auto-zaintzarako erramintak emateko. Lantalde tekniko hau Lehen Arretako zein espezializazioetako profesionalek osatzen dute.
Ikerketa proiektua
Orain arte COVID-19ko gaixoetan oinarritutako 30 ikerketatik gora jarri ditu martxan Navarrabiomed ikerketa biomedikuko erakunde publikoak. 2021ean "PersiCOV-19" deitu dioten ikerketa jarriko dute martxan, gaixo iraunkorren datuekin erregistroa abiatuz. Gaixotasun honi buruzko informazioa biltzea eta ikerketa aurreratzea ditu helburu. Patricia Fanlo Mateo izango du ikerketa honek buru.
Nafarroako Gobernuak gogorarazi du iazko ekainean Nafarroan COVID-19 Iraunkorrak Kaltetutakoen Plataforma sortu zela. Virginia Mateo Solana da bertako koordinatzaile eta izena eman nahi duenak korreo elektroniko honen bidez du aukera: covidpersistentenavarra@hotmail.com