Kutsatuen kateari jarraipena egiteko erabiltzen diren teknologiek pribatutasun eta datuen babeserako eskubideak urratu ditzaketela adierazi du Europar Batasunak, baita mugimendu eta erlijio eskubideak ere. EBko ia herrialde guztiek erabiltzen dute teknologia hau.
Pandemia kontrolatzeko baliagarriak izan daitezkeen arren, aplikazio hauek norbanakoen eskubideen kontra egin dezaketela ondorioztatu du EBko Oinarrizko Eskubideen Agentziak. Horregatik, aplikazio hauek bete beharreko hainbat irizpide eman ditu: horien erabilera borondatezkoa izatea, datuak anonimoki erabiltzea eta behin pandemia igarota datuak ezabatzea.
“Salbuespenezko egoeratan eskubideak mugatu daitezke, baina inoiz ezin ditugu ahaztu beharraren eta proportzionaltasunaren printzipioak. Galdera da: non eta zein muga jarri?”, diote txostenaren egileek.
Datuak beste helburu batzuekin erabiltzea
Kezka nagusia da aplikazio hauek emandako datuak beste helburu batzuekin erabiltzea. Horrez gain, COVID-19aren testuinguruan erabiltzen ari diren beste teknologia batzuekiko kezka ere azaldu du Agentziak: geolokalizazioa ahalbidetzen duten sistemak, pertsonen arteko distantzia neurtzeko erabiltzen diren droneak eta kalean edo lantokian tenperatura neurtzeko baliagarriak diren kontrol kamerak.