argia.eus
INPRIMATU
COVID-19a gainditutako ia gehienak immune bihurtzen direla dio ikerketa batek
  • The New York Timesek kaleratutako ikerketa baten arabera, COVID-19 gaitza pasatutako ia norbanako guztiek garatu dute immunitatea. Hasieran, lagineko portzentaje nahiko altu batek ez zuen immunitaterik landu, baina bigarren aproba batean %0,48ak soilik ez du immunitaterik lortu.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko maiatzaren 11
COVID-19a aztertzen laborategi batean. Argazkia: Portal Veterinario.

624 lagunez osatutako talde bati egin diote ikerketa Sinai Mendiko Icahn Medikuntza eskolan, birusa gainditu ostean. Hasierako emaitzek kezkatu egin zituen ikerlariak;  511 immune kontatu baitzituzten bakarrik, eta 72 lagunek ez zuten antigorputzik sortu. Aipatu beharra dago ikerketarako erabilitako pertsonek birusa arinki pasatu zutela; beraietako %3a baino ez zen ospitaleratua izan.

Hala ere, bigarren aukera bat eman zioten ikerketari eta memoriadun antigorputzak sortu zitzaizkien aurretik aipatutako 72 horiei (memoriadun antigorputzak birusarekin bigarren harremana izandakoan sortzen dira). 624ko lagin horretatik hiru izan ziren immunitaterik garatu ez zutenak. Esperimentutik ondorioztatu dute froga serologikoa egiteko momentua oso garrantzitsua dela; hobe dela froga birusa gainditu eta 24 egunera egitea.

Aurkikuntza garrantzitsua da birusari aurre egiteko lasterketan; izan ere, zientzialariek jakin badakite birusa gainditzeko era bakarra immunitatea garatzea dela. Oraindik ez dakite immunitate hori behin-behinekoa ala behin betikoa izango den, baina beste ikerketa batzuei bidea zabaldu die.