argia.eus
INPRIMATU
Covid-19a eta salbuespen egoera politikoa
  • Azkenaldian koronabirusaren inguruan asko hitz egin bada ere, diskurtso politiko nagusienetatik kanpo geratu diren zenbait puntu garrantzitsuren inguruan arituko naiz hurrengo lerroetan. Hasieratik, birusari buruzko informazioa ezkutatu zaigula nabarmendu beharra dago, eta gatazka naturaren eta gizakiaren artean kokatu dute, elementu politiko guztiak ezkutatuz eta guztioi erantzukizun berbera esleituz. Alabaina, birusak gizarte eredu zehatz batean lur hartzen du, eta krisiaren kudeaketa eredua ezin dugu salbuetsi gizartea antolatzeko modu orokorretik. Izan ere, irabazi ekonomikoak eta gizartearen antolaketa hierarkikoa oinarri dituen sistema batean pertsona guztien ongizatea eta osasuna ez dira inoiz lehentasuna izango. Gainera, krisialdi honen ostean ondorio ekonomiko larriak iragar ditzakegu, eta bai gaixotasunak eta baita krisialdiaren ondorio ekonomikoek ere desberdin eragingo diote dirudunei eta langile klaseari.

Eneko CarriĆ³n Larreategui @EnekoCarri 2020ko apirilaren 07a

Gobernutik eta botere-guneetatik alarma egoera erabaki neutrala dela sinestarazi digute, osasun larrialdiaren eraginez hartu ahalko liratekeen erabaki bakarrak konfinamendua eta oinarrizko askatasun politikoen ezabapena bailiran. Lantegiak orain arte martxan jarraitu izanak  gaixotasunaren hedapena handitzea eragin du; eta krisialdi ekonomikoa saihestea bilatzen duten arren, galera ekonomiko handiak aurreikusten dira hurrengo hilabetean. Gainera, lantegi asko ixtearen arrazoiak langileriaren antolakuntzak egindako presioa, ekoizpen prozesuen kateak apurtuta egotea eta gobernuak bere gain hartu ezin duen hildakoen kopuruaren etengabeko gorakada dira; eta ez osasun-irizpideak interes ekonomikoen aurretik lehenetsi dituztela.  Agintariek salbuespen egoera ezarri dute egunotan, poliziek eta militarrek kaleak hartu dituzte eta zuzeneko diktadura inposatu da lurralde osoan. “Alarma egoera” bezala izendatu duten “ezkutuko” salbuespen egoeraren alde lerrokatu dira alderdi instituzional guztiak,  kontrakotasunik gabe.

"Birusak manipulatzen dituen sistema da aurrean duguna, jaki transgenikoak ekoizten dituena eta planetaren beraren biziraupena arriskuan jartzen duena"

Egoera horrek, osasun sistema eta medikuntza ereduaren inguruko eztabaida ireki du berriro. Izan ere,  birusak manipulatzen dituen sistema da aurrean duguna, jaki transgenikoak ekoizten dituena eta planetaren beraren biziraupena arriskuan jartzen duena. Oraingo honetan osasun sistemak huts egin du krisialdiari aurre egiterako orduan, eta egunotan osasun sistema pribatua kudeaketa publikoaren eskuetan geratu den arren, ez da nahikoa izan krisialdiari aurre egiteko. Gure ikuspuntutik, zerbitzua  publikoa izateak eta mundu guztiarentzat osasun sistema kalitatezko eta unibertsala izateak ez dute zertan gauza bera izan.  Aitzitik, eztabaidaren muina zerbitzu publikoen eta aberastasunaren kontrola noren eskuetan  eta  zein interesen baitan kokatzen den litzateke. Ea osasuna burgesiaren kontrolpean dagoen, edo ea langileriak duen osasunaren kontrol politikoa.

Munduko Merkataritza Erakundearen aurreikuspenen arabera 2008. urtekoa baino larriagoa izan daitekeen krisi ekonomiko baten aurrean egon gintezke. Krisi horri aurre egin nahi badiogu, bere sorreraren arrazoia identifikatu behar da, eta hori ez da Covid-19ra mugatzen. Krisialdiak sistema kapitalistaren oinarrian daude, errezesio ekonomikoak hainbat bider errepikatu baitira kapitalismoaren historian. Dena dela, krisialdiaren galtzaile nagusiak behargin sektoreko kideak gara, izan lanpostua galtzeko arriskua dugulako, izan aurrezkiak gal ditzakegulako edota izan murrizketa publikoek langileon bizi kalitatean zuzeneko eraginak dituelako. Eustat-en datuen arabera, 2008.urtean EAEn pobrezia erreala pairatzen zuten 90.678 biztanle zeuden eta 2018an 132.432era igo zen. Covid-19aren krisiak iraun bitartean sektore babesgabeen egoera arintzeko onartuko diren gobernu neurriek kolpea leuntzeko eta langileriaren haserrea denboran luzatzeko helburua dute. Izan ere, estatuak ez dauka gaitasun ekonomiko nahikorik krisia hasi aurreko egoerara bueltatzeko, eta leherraldi ekonomikoa denbora kontua dela uste dugu. 

Gure ikuspuntutik, krisialdi egoera politizatzea behar- beharrezkoa da eta horri erantzutera dator Gazte Koordinadora Sozialistaren salaketa kanpaina politikoa. Horrekin lotuta, herritarrok informatuta egoteko dugun eskubidea berresten dugu, desinformazio, notizia sentsazionalisten eta izu orokorraren aurrean egia antolatzeko apustua gure eginez. Osasun arloari dagokionez, interes ekonomikoak alboratu eta kalitatekoa, unibertsala eta doakoa izango den osasun sistema baten alde borrokatzeko unea dela uste dugu.

 

Eneko Carrión Larreategui
Gazte Koordinadora Sozialistako kidea