argia.eus
INPRIMATU
COVID-19a estakuru, presidentzialetarako kanpaina kutsua gailendu zaio Macronen diskurtsoari
  • Txertaketari buruzko neurri berriak plazaratzeaz gain, erretreten erreforma eta nuklearra izan ditu aipagai Frantziako presidenteak. COVID-19 izurritea hasiz geroztik telebista eta irrati publikoetan plazaraturiko bederatzigarren diskurtsoa zuen azaroaren 9koa. Zentral nuklear berriak eraikitzeko erabakia plazaratu du Macronek, ekologisten kexua areagotuz.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko azaroaren 11
Zentral nuklear berriak eraikiko ditu Frantziak (Argazkia: Reuters)

COVID-19aren izurritea dela eta, azken erabakien eta neurrien berri emateko hitzordua zuen beste behin ere azaroaren 9koa Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Txertaketa kanpaina izan zuen aipagai nagusi: "Txertatu zaitezte normal bizi ahal izateko". Abenduaren 15etik aitzina, 65 urtetik goragokoek eta "arriskupeko pertsonek" hirugarren dosia hartu beharko dute osasun pasea baliagarri izateko gisan –50 urte baino gehiago dutenei bideratuko zaie hirugarren dosia, nahiz eta 65 urteak arte behartuak ez izan–.

Beste behin, helburua hein batean bete du Macronek: hitzaldia bukatu bezain laster, ondoko ordu bakarrean txertatzeko 100.000 hitzordu hartuak ziren Doctolib webgunean.

COVID-19 kutsatzeak berriz gora doaz Frantziako Estatuan eta gurean ere, Ipar Euskal Herrian. %40az emendatu da intzidentzia tasa azken aste honetan.

Hori izan da COVID-19ari dagokionez berri nagusia. Beste guztia beste kontu batzuei buruzkoa izan da: egindakoaren edo eginen duenaren zerrenda luzea. Hots, heldu den urteko apirilean izanen diren presidentzialetarako kanpaina kutsua zuen astearteko diskurtsoak.

Betiko logikan: nuklearra da bidea

Nuklearrak pisu handia du Frantzian: elektrizitatearen ekoizpenaren %72 nuklearretik dator. Izan energia honek ondorioztatu zaborren arazoa –elementu ikaragarri kutsakor hau metatzen dabiltza, ez delako hauen desagertzeko soluziorik atzemanik– edota zentral hauek eragindako istripu-arriskuak... hertz hauek ez ditu aipatzen Frantziako Gobernuak eta "energia garbia" balitz bezala dabi hau goraipatzen. Gisa berera aritu da beste behin ere Macron: zentral berriak eraikiko dituzte Frantzian, baita energia berriztagarriak garatuko ere.

2035 urterako orain dauden 56 erreaktoreetatik 14 hetsi beharko dituztenez, berriak eraiki nahi ditu gobernuak. Bide-orria nuklearraren sektoreko eragileekin adosten dabiltza eta ondoko asteetan emanen dute horren berri. "Oinarri nuklearra berritzea da nolazpait segurtatzea Frantzia deskarbonatzeko energia nahiko ukanen dugula baita garraioetan petroliotik ateratzeko segurtasuna bermatzea ere", Valerie Faudon Energia Nuklearraren Frantziako Sozietateko kidearen hitzetan.

Erabaki hau "errealitatetik deskonektatua" eta "antidemokratikoa" dela deitoratu du gogorki Greenpeacek: "Flamanville-n, EPR belaunaldi berriko erreaktoreen lanak bederatzi urteko atzerapena du jada, eta kostua sei aldiz biderkatu da hasierako aurreikuspenekin alderatuta. Oraingoz, 19.000 milioi eurokoa da. Taishanen (Txina), funtzionatzen ari den EPR bakarra geldirik dago duela zenbait hilabetetik, erreaktorean oraindik ezezaguna den jatorri ezezaguneko gorabehera baten ondoren. Garestiegia, motelegia eta arriskutsuegia, energia nuklearra zaharkituta dago larrialdi klimatikoaren testuinguruan".

Erretreten erreforma, atzeraturik baina bermaturik

Erretreten erreforma atzeratzeko erabakia ere plazaratu du Macronek, "eztabaida demokratiko" bat nahi duelako. Hor ere ageri dira presidentzialak, arras ongi dakielako gai minbera dela, herritarren desadostasun handia eragiten duen erreforma delako hau. Hala ere, erreforma gauzatuko duela argi utzi du presidenteak.

Betiko logikan segitzen du: "Denbora gehiago lan egitea, eta hori legezko adina atzeratuz, sistema bidezkoago batera joateko gisan erregimen bereziak kenduz, publiko eta pribatuaren arteko arauak harmonizatuz, eta ibilbide osoa bukatuta, pentsiorik ezin dela 1.000 eurotik beherakoa izan ziurtatuz. Azkenik, askatasun gehiagorantz joatea, pixkanaka erretiratzen uztea, eskubideak azkarrago pilatzea, eta gogoa dutenentzat legezko adinetik haratago lan egiteko aukera bideratzea".

Eskubide sozialen ahultzea eta langabetuen prekarizazioaren emendio dakarren "langabeziaren erreforma" ere aipatu zuen, zehaztuz langabezia jaso ahal izateko "azken urtean gutxienez sei hilabetez lan egin beharko" dela –orain arte lau hilabetekoa zen baldintza–. Sekuritatea ere aipagai ukan zuen –horretan ere kanpaina giroa ezin dugu ukatu–.

Estrategikoak zaizkion hainbat gai plazaratzeko baliatu zuen beraz COVID-19a Frantziako presidenteak.