argia.eus
INPRIMATU
COVID-19a dela eta, eskubide urraketak biderkatu dira etorkinentzako atxikitze zentroetan
  • Cimade elkarteak egin du bere urteko prentsaurrekoa Baionan. Hendaiako atxikitze zentrotik 163 lagun pasa dira 2020 urtean eta hauetarik %36,6 kanporatu dituzte.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko uztailaren 08a

COVID-19 izurritea dela eta, giza eskubideen urraketak errepikatu dira etorkinen atxikitze-zentroetan. Errealitate beltz honen berri eman du papergabeak laguntzen dabilen Cimade elkarteak, iazko balorapena plazaratzeko Baionan antolatu prentsaurrekoan.

Hasteko, zentroetan osasuna bermatzeko eta koronabirusaz kutsatzeko arriskua baztertzeko neurriak osoki segurtatu ez izana salatu du elkarteak. Gainera, izurritearen izenean, etorkinak are gehiago isolaturik izan dira, besteak beste, bisitak debekatuak zituztelako.

Orotara, iaz 163 pertsona egon dira atxikirik Hendaiakoan eta horietarik %36,6 kanporatu dituzte. Frantziako Estatuari dagokionez, 27.917 izan ziren atxikitze-zentroetan, hauetarik %53 itsasoz haraindiko lurraldeetan. Mugak hetsiak izanki, kanporaketa gutxiago burutu arren, atxiloketekin segitu du Frantziako Poliziak. Hori horrela, atxikitze denbora emendatu zaie etorkinei: 2019ko datuen arabera, batez beste, etorkinek hamabost egun pasatzen zituzten atxikirik, eta 2020an, berriz, 25 egunekoa izan zuten atxikitze epea, batez beste.

Atxikitze zentroen logikarekin segitzen du Frantziako Estatuak. Horren lekuko, lau zentro berri eraikiko dituela abisatu izana Parisek. "Jarrera gogorraren hautu politiko" hau salatzen du Cimade elkarteak. "Jarrera geroz eta errepresiboagoa" duela eta, Frantziak eta orokorki Europar Batasunak politikaz aldatzea ezinbestekotzat dauka etorkinen eskubideen alde lanean dabilen Cimadek.