Uztailaren 12an telebistaz egindako adierazpenean Frantziako presidenteak jakinarazi du irailaren 15etik aitzina osasun langile profesional eta boluntario denek txertoa hartuta egon beharko dutela, baita zaharrak zaintzen dituzten langileek ere. Osasun ministroak zehaztu du txertatzen ez direnek ezingo dutela lanik egin eta ez dutela soldata kobratuko.
"Gizatasuna sarituko dugu, eta txertatuak ez direnei bideratuko dizkiegu murrizketak". Horrela planteatzen du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak COVID-19ari eta batez ere Delta aldaera berriari aurre egiteko estrategia. Hori horrela, gizarte osoa txertatzea ez du derrigortzen Frantziako Gobernuak, baina bai, "osasun pasea" izendaturiko COVID-19 pasaportea edukitzea. "Uztailaren 21etik aurrera, osasun pasea aisialdi eta kultura guneetara zabalduko dugu. Konkretuki, hamabi urtetik gorako guztiek txertatuak izan beharko dute, edota testaren emaitza negatiboa ukan beharko dute [50 lagun baino gehiagoko] ikusgarri, atrakzio parke, kontzertu edota festibal batera sartzeko". Hori hasteko, eta abuztuaren hastapenetik aurrera, kafetegi, jatetxe, taberna, zentro komertzial, garraio publiko baita ospitaleetan egoteko baldintza bilakatuko da ere. Paraleloki, orain arte kitorik ziren antigeno testak eta PCR probak bere poltsikotik ordaindu beharko ditu herritarrak udazkenetik goiti; hor ere azkenean, txertatzera bideratzeko helburuarekin.
Hori horrela, bizitza soziala bermatzeko eta sozializazio espazioetan egoteko baldintza txertoari estuki lotua izanen dute Ipar Euskal Herriko herritarrek eta orokorki Frantziako Estatukoek. Helburua argiki plazaraturik du Macronek: "Frantses guztiak txertatuak izatea dugu helburu, hau delako bizitza normalera itzultzeko bide bakarra". Uztailaren 12an egindako hitzaldian plazaratu ditu Macronek neurri berri hauek eta uztailaren 21ean eztabaidagai izanen dituzte Frantziako Asanblada Nazionalean.
Horrez gain, Frantziako presidenteak esan du irailaren 15etik aurrera osasun langile profesional eta boluntario denek txertoa hartuta egon beharko dutela derrigor, baita zaharrak zaintzen dituzten langileek ere. Olivier Veran Osasun ministroak berehala gehitu du txertatzen ez direnek ezingo dutela lanik egin eta ez dutela soldata kobratuko.
Frantziako Estatuan zahar etxeetako langileen %45ek hartua du txerto osoa, ospitaleetan %64k eta beren kabuz lan egiten dutenen %81ak.
Bestalde, "herri arriskutsuetatik" sartzen direnei begira kontrolak "areagotuko" ditu Frantziako Poliziak eta "isolamendua behartua" izanen dute txertatuak ez diren herritarrek. Osasun larrialdi egoera ezarri du berriz ere Martinika eta Reunion ugarteetan.
Macronen helburua hein batean bete dela erran daiteke, ikusirik adierazpena bukatu bezain laster zenbat konexio izan diren Doctolib webgunean. Webgune honetatik pasa behar izaten dute Ipar Euskal Herriko eta orokorki Frantziako herritarrek osasun arloko hitzordu bat hartzeko. Doctolib guneko zuzendariak zehaztu dutenez, azto gauean, hots, Macronen hitzartzea bukatu eta, txertatzeko "minuturo 20.000 hitzordu" hartu dira eta konexio kopurua handiegia izanki, "hamar minutuz itxaron behar" zen. Orotara, uztailaren 12ko gauean 926.000 lagunek dute txertoa egiteko hitzordua hartu, eta 7,2 milioi konexio izan dira.