Ostiraletik aurrera, tabernetako barran kontsumitu ahal izango da, dantzalekuetan dantzatu eta kontzertuetan zutik egon. Halaber, Lehen Hezkuntzan ez da talde osoa konfinatuko ikasle batek positibo ematen duenean.
Nafarroako lehendakari Maria Chivitek azaldu du Covid-19aren kontrako neurri murriztaile guztiak utziko dituztela bertan behera, salbu eta hezkuntzari eta kirolari dagozkionak. Beraz, ostalaritzan, komertzioan edota kultur jardueretan pandemiaren aurreko edukiera eta ordutegietara itzuliko da Nafarroa.
Aldiz, " oinarrizko babes neurriek" –Espainiako Gobernuak ezarritakoek– indarrean jarraituko dute. Alegia, barrualdeetan musukoa erabiltzen jarraitu beharko da, baita kanpoaldean ere, kasu honetan pertsonen artean 1,5 metroko tartea mantentzerik ez dagoenean.