argia.eus
INPRIMATU
COVID-19: Nafarroako datu txarrek kezka zabaldu dute herrialdean
  • Pandemiaren datuek okertzen jarraitzen dute Nafarroan eta kezka zabaltzen ari da herrialdean. Dagoeneko Espainiako Estatu osoko datu txarrenak ditu, Madrileko Erkidegoaren ondoren. Maria Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakaria herritarrei zuzendu zaie esanez, gizarte osoak egin behar diola aurre birusari, “Nafarroako Gobernuak bakarrik ezin du”.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 23a
Nafarroako Refena erakustazokan PCR probak egiten. (Arg.: D. de Noticias)

Egoeraren ondorioz, ostegun honetatik aurrera Azkoien astebetez isolatuta geratuko da, azken egunetako datuetan Nafarroako batez bestekoa baino bost aldiz kutsatu gehiago eman ondoren. Igande eta astelehenean, 362 eta 348 positibo atera ziren Nafarroa osoan, eta asteartean 421, maiatzaz geroztik izandako daturik altuenak. Eremu geografikoei dagokienez, positiboen %52 Iruñerrikoak dira, %20 Tuterako eskualdekoak eta %6 Estellerrikoak. Datuak Nafarroako Gobernuarenak dira.

 

Asteleheneko 362 positiboak, egun horretan egindako 3.345 PCR testetatik atera ziren –orain arte egun batean Nafarroan egindako kopuru handiena–, hau da, %10,4. Ostegun honetan, halaber, Tuteran PCR probak egingo zaizkie geolokalizazio irizpideak erabilita, ausaz hartutako 600 herritarrei.

 

Ospitaleratzeak dagoeneko 206 dira astearteko datuetan, eta astelehenean bost hildako izan ziren. Iraileko lehen hiru asteetan 21 hildako izan dira, ekaina, uztaila eta abuztuaren artean 10 kontatu zirenean. Hezkuntzari dagokionez, duela bi aste eskolak hasi ondoren, Haur eta Lehen Hezkuntzako 75 zentrotako 147 talde daude isolatuak, guztira 2.883 haur, bi etapa horietako haurren %4,6.

 

Nafarroako Gobernuak laguntza eskatu zion Espainiako Armadari egun dituzten 175 aztarnariei laguntzeko. Nafarroako Erizainen Eskolak egunotan zabaldu duen oharrean, ordea, dei egiten du erizainen multzoa indartzera, hiru norabidetan: erizain jubilatu boluntarioen bidez, laugarren mailako ikasleei formazio berezia eskainiz eta beste alor batzuetako erizainei ere aztarnari gisa aritzeko aukera emanez. Eskola honen bidez, erizainak dira pertsonarik egokienak PCRak eta aztarnari lanak egiteko.