argia.eus
INPRIMATU
COVID-19 krisiak emakumeek pairatu diskriminazio eta zapalkuntzak areagotu dituela salatu dute Baionatik
  • Bostehun lagun batu dira Ipar Euskal Herriko talde feminista guztiek batera finkatu manifestazioan. COVID-19 izurriteak azaleratu lan esparruetako eta zaintzaren alorreko diskriminazioak salatzeko unea izan da. Emakume etorkinen egoera ere gaitzetsi dute Baionatik.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko martxoaren 08a
500 lagun batu dira Baionako manifestazioan

Jendetza batu da Baionan, Ipar Euskal Herriko talde feministek batera jarritako Baionako hitzorduan. 500 lagun bildu dira Gora borroka feminista, vive la lutte féministe banderolaren gibelean. Manifestazioa ospitaletik hasi dute, osasunaren eta zaintzaren arloan emakumeek bizi duten diskriminazioa eta prekarizazioa salatzeko gisan. COVID-19 garaian emakumeek duten "zama mentala", "erabaki guneetako ordezkaritza eskasa", "prekarietate handia" eta "bortizkeriak" gaitzetsi ditu osasun alorrean dabilen langile batek, argiki adieraziz: "Izurrite garai honetan gizon-emakume arteko ezberdintasunak areagotu egin dira".

Hortik Cassin lizeora joanik, ikasleek hartu dute hitza, emakume gazteen kezkak adierazteko. Eta horrela segitu dute bidea, hainbat gunetan geldituz eta emakumeek hainbat arlorretan jasandako diskriminazioak eta zapalkuntzak salatuz. Adibidez, Monoprix supermerkatuaren aitzinean Kitty Tsui poetaren Don't call me sir, call me strong ("Ez nazazue jauna deitu, deitu nazazue indartsu") irakurri dute.

Katedralean berriz Cancion sin miedo abesti feminista kantatu du Baionan osatu berri den koru feministak. Hementxe bideoa:

 
Emakume etorkinei elkartasuna

COVID-19ak eragindako krisi globalaz gain, emakume etorkinek bizi duten egoera salatzeko unea ere izan da manifestazioa. Elkartasuna adierazirik, emakume etorkinen manifestua irakurria izan da. Arrazakeria sistemikoa deitoratzen duen testua da azken hau: "Gure miseria elikatzen duen eta isiltasunera zein lotsara behartzen gaituen bortizkeria instituzionala salatzen dugu paperak eskatzen gabiltzan emakumeok". Papergabeen erregularizazioa eta duintasuna exijituz bukatu dute hitzartzea. Suprefeturaren aitzinean eman zaio bukaera manifestazioari, asteburu honetan Irun eta Hendaiatik Emakumeen Mundu Martxak luzaturiko aldarria berretsiz: "Mugarik ez!".