Ostalaritzarekin lotutako COVID-19 foku berri bat agertu da Irunen. Abuztuaren 24tik 28ra bitartean hiri horretako Gaztelumendi tabernan izan ziren pertsona guztiei PCR testak egin ditzatela eskatu diete.
Osakidetzak COVID-19aren agerraldi berri bat atzeman du ostalaritzarekin lotuta, kasu honetan Irunen. Asteazken honetan herriko erdiguneko Gaztelumendi tabernako bezero guztiei PCR bat egiteko eskatu die, abuztuaren 24tik 28ra bitartean edaritegi horretan izan baziren. Joan den astearen amaieratik, zonalde horretan kasuen gorakada nabarmena antzeman da: 89 kasu zazpi egunetan eta 21 kasu astearte honetan.
Egun horien artean Gaztelumendi tabernan izan zirenek hitzordua eskatu behar dute COVID-19ren testa egiteko. Osakidetzaren 900 20 30 50 telefono orokorraz gain, Irungo anbulatoriokoak (943 006 700), Dumboako osasun zentrokoak (943 006 789) eta Hondarribikoak (943 007 640) jarri dituzte herritarren zerbitzura. Osasun agintariek gogorarazi dutenez, sintomak dituzten edo ez dituzten pertsona guztiek etxean isolatuta egon behar dute, badaezpada PCRaren emaitzak ezagutu arte.
Baheketa masiboa asteazken honetan bertan hasiko da, 15:00etan, Ficobako erakustazokan. Ostegunetik aurrera probak egingo dira 08:30etik 20:30era. Baheketa horretara banaka joatea gomendatzen da, prebentzio gisa garraio kolektiboa saihestuz.
Aste honetan bertan antzeko beste kasu bat antzeman da Mungiako beste taberna bateko bezeroen artean. Lehenago, antzeko fokuak hauteman ziren Gernikako, Gasteizko edo Donostiako aisialdi-guneetan.