argia.eus
INPRIMATU
Cortesko emakume bat hil du senarrak
  • Astelehenean etxean hil zuen kolpeka, senarrak Poliziari aitortu dionez. 80 urteko emakumea Corteskoa zen. Aurten bigarren hilketa matxista sufritu dute herrian: urtarrilean Sara Pina hil zuen bere senarrak. Hiru dolu egun ezarri dituzte eta kontzentraziora deitu asteazkenean 20:00etarako. Euskal Herrian aurten indarkeria matxistagatik hil duten laugarren emakumea da.

ARGIA @argia 2022ko abenduaren 21
Urtarrileko protesta bat Cortesen Sara Pinaren hilketa matxista salatzeko. Argazkia: EFE

Cortesko (Nafarroa) 80 urteko emakume bat hil du senarrak astelehenean, etxean Zaragozan. 83 urteko gizonak egun bat pasata aitortu dio Poliziari emaztea hil zuela, kolpeka. Asteazkenean jakin da hildakoa euskal herritarra zela. 

Antonio Giger Kaufmann izena du senarrak, eta asteartean bere burua entregatu ostean, uko egin dio abokatuaren eskutik deklaratzeari. Ostegunean dira epailearengana eramatekoak. 

Hildako emakumea Maria del Carmen Ruiz Huerta zen, eta Cortesko Udalak hiru eguneko dolua ezarri du. Asteazkenean 20:00etan elkarretaratzera deitu dute Duques de Miranda plazan. Aurtengo bigarren hilketa matxista sufritu dute herrian: urtarrilean 38 urteko Sara Pina Ieregi hil zuen bere senarrak Tuteran. 

Euskal Herrian 2022an lau emakume hil ditu indarkeria matxistak –bi cortestar, soraluzear bat eta barakaldar bat–. Datuak biltzen hasi zirenetik, 2003tik, 113 emakume hil dituzte eta 11 haur –hauek ere indarkeria matxistagatik– , Berria-k jaso duenez

Zaragozan ere egun bateko dolua egingo dute, eta asteazken iluntzean manifestazioa egingo dute.