argia.eus
INPRIMATU
Corrugados Azpeitiak 140 langile kaleratzeko erregulazio espedientea aurkeztu du
  • Albisteak ez ditu jokoz kanpo harrapatu langileak. Extremadurako Alfonso Gallardo taldeak Corrugados Azpeitia enpresako langile ugarirentzat erregulazio espedientea aurkeztuko zuela bazekiten. Taldeak 140 langile kalean utzi nahi ditu eta gainerako 270 langileek urtean 105 egunez ez lukete lanik egingo. Datorren urtean 300.000 tona ekoitzi nahi ditu enpresak, aurten baino 50.000 tona gutxiago.

2011ko azaroaren 11
Corrugados Azpeitiaren fabrika.

Apirilaz geroztik aldi baterako erregulazio neurriak dituzte langileek. Bulegoetako beharginak ia egunero joan dira lanera, eta aldiz, ekoizpenean ari direnak astean behin edo bitan baino ez doaz.

Langileak horrelako albiste baten zain bazeuden ere haserre daude, enpresak ez baitu erregulazio espedientearekin batera bideragarritasun planik aurkeztu. ELA sindikatuak adierazi duenez, enpresa derrigortuta dago erregulazio espendientea aurkeztutakoan bideragarritasun plana egitera. Enpresak urtarrilaren 1erako negoziazioak bukatzea nahi du, alegia, 2012. urtea 140 langile gutxiagorekin eta gainerakoen ordu kopurua asko murriztuta hastea nahi du. Langileak ez daude negoziatzen hasteko prest, bideragarritasun plana aurkeztu ez dutelako. Corrugados Azpeitiak 2005etik 2008 artean 129 milioi euroko irabaziak izan zituen, eta LABeko Asier Imazen ustez, irabaziak bideragarritasun plana finantzatzeko, inbertsioak egiteko eta enplegua bermatzeko erabili beharko lituzke enpresak.

Azaroaren 16an, Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzaren aurrean, elkarretaratzea egingo dute Corrugados Azpeitiako langileek.