argia.eus
INPRIMATU
Bilbotik Bartzelonara prekarietatearen aurka “korrika”
  • Marea Urdina mugimenduak, Movistar enpresako langileek osatua, prekarietatearen aurkako "errelebo-lasterketa" egingo du otsailean, Bilbo eta Bartzelona lotuko dituena: Correscales. Asteazkenean aurkeztu dute ekimena Bilbon.

Jon Torner Zabala @jtorner 2016ko urtarrilaren 27a

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, Movistar-Teléfonicak azpikontratatutako teknikariek iaz egin zuten grebaren lekukoa hartuko du ekimen honek. Otsailaren 18tik 22ra bitartean egingo da, eta helburutzat izango du, haien borroka ezagutarazi eta grebaren ondoko "errepresioa" salatzeaz harago, ataka berean diren beste enpresetako langileei laguntza ematea.

Etapa bakoitzean mahai-inguruak eta aldarrikapen ekintzak egingo dituzte, gizarte eragile, sindikatu edota Udalen babesa lortu aldera. Euskal Herriko eta Kataluniako hainbat eragileren babesa jaso du Correscales egitasmoak, eta haietako batzuk Bilbon izan dira, LAB, ELA, CGT, ESK, Komite Internazionalistak, Bilgune Feminista, Berriotxoak edo EPK adibidez; baita EH Bildu, Ahal Dugu, Ezker Anitza eta Equo alderdietako ordezkariak ere beste hainbaten artean.

Erresistentzia Kutxa

Babes ekonomikoa jasotzea da euren beste helburuetako bat. Horrela, greban pilatutako zorrak “modu bateratu batean” kitatu nahiko lituzkete. Gainera, jasotako diruarekin Erresistentzia Kutxa izeneko funtsa sortuko dute, prekarietatearen aurka borrokatu nahi duten kolektiboek zeri heldu izan dezaten.

Errelebo-lasterketa otsailaren 22an amaituko da. Hain justu, orduan egingo da Bartzelonan Mobile World Congress 2016 kongresua.

Correscales-en aurkezpen prentsaurrekoa, Bilboko Hikateneoan

Informazio gehiago:

Elkartasun olde batek ahalbidetuko du Correscales (Prentsa-oharra)

Twitterren: #KorrikaPrekarioa

Lasterketaren ibilbide zehatza (Google maps)