argia.eus
INPRIMATU
Correosek Gipuzkoan dituen lantokietako langileek salatu dute udan izaten ari diren lan-karga “jasanezina”
  • Udan lantaldea asko murriztu da langile gehienek oporrak hartu dituztelako, eta sindikatuek salatu dute Correosek apiriletik langileen oporraldien berri izanda ere ez dituela langile gehiago kontratatu.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko abuztuaren 22a
Correoseko langileak. Argazkia: LAB

LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGT sindikatuek prentsa-oharra argitaratu dute egoera honen problematika azaltzeko. Correosek Gipuzkoan dituen lantegietan "lanez gainezka" daude langileak, udan, langile gehienek oporrak hartu dituztelako, oharrean zehaztu dutenez. Enpresak apiriletik du langileen oporraldien berri. Hala ere, ez dute langile gehiago kontratatu hobeto kudeatzeko udako lan-karga, sindikatuek salatu dutenez.

Sindikatuen arabera, lan-taldeen erdia baino gehiago falta da, eta horrek postarien lan karga handitzen eta bidalketen denbora luzatzen du. Esaterako, Villabonan sei langileetatik bi daude; Eibarren hamalau postuetatik sei gelditu dira; Bergaran zortzitik lau bakarrik daude beteta. Correoseko beste edozein lantokietan ere egoera bera dagoela diote, eta horrek eragiten du bezeroek atzerapenengatik egiten dituzten jakinarazpen mordoa.

Sindikatuek egoeraren “jasanezintasuna” salatu dute: “Egoera denboran asko luzatzen ari da, beraz, Correosek arazoari irtenbiderik ematen ez badio, hurrengo urratsa mobilizazioak izango dira”.