CCOO, ESK, UGT, LAB eta CSIF sindikatuek Bizkaiko Correosen posta zerbitzuaren kaltetzea eta zuzendaritzak ez duela neurririk hartzen salatu dute. Langileenganako "tratu txarra" eta pertsonal faltagatik sufritzen duten "lan baldintzaren okertzea" ere mahai gainean jarri dute. Mobilizazioak egiten hasi dira herritarrei egoeraren berri emateko eta kalitatezko posta zerbitzuaren alde.
Correosek eskaintzen duen posta zerbitzuaren okertzea salatu dute Bizkaiko Correosen ordezkaritza duten sindikatuek: CCOO, ESK, UGT, LAB eta CSIF. Langile faltagatik, egunero milaka bidalketa banatu gabe geratzen direla, eta Correoseko zuzendaritzak egoerari aurre egiteko neurririk ez duela hartzen salatu dute.
Sindikatuen arabera, zerbitzuaren kaltetzea kontratazioan murrizketa "ikaragarria" izatea, prekarietatea "handitzea", eta egiturazko lanpostu hutsak, baja medikoak eta plantillan egunero gertatzen diren bestelako gertakizunak ez betetzearen ondorio da. Era berean, langileenganako "tratu txarra" ere salatu dute, eta pertsonal faltagatik egunero pairatzen duten "lan baldintzen okertzearen" ondorioz, estresak eta antsietateak eragindako bajak "areagotu" egin direla esan dute.
Lan arlo desberdinetako arduradunekin bilera egitea eskatu ondoren, mobilizazioak egiten hasi dira herritarrei Correosen bizi duten "prekarietate egoeraren" berri emateko. Asteartean eta asteazkenean egin dituzte mobilizazioak.
Aurreikusitako mobilizazioak