Migratzaile familia batek irekitako denda baten aurrean ikur frankistak jarri dituztela salatu du Zurekin Nafarroa ezker koalizioak. Fiskaltzari eraman dizkiote datuak, gorroto delitu bat egon daitekeelako pankarta horren atzean.
“Egunero jarri eta egunero kentzen dute ikurra”, azaldu du Zurekin Nafarroako parlamentari Carlos Guzmanek Nafarroako Justizia Jauregian, “Falangeko ikurra daraman metro t´erdi baino handiagoa den kartela da, ekainaren erdialdean jartzen hasi ziren, non eta etorkin familia batek denda zabaldu duen tokiaren aurrean”. Ezker koalizioak oso larritzat jo du Corellan gertatzen ari dena: “Ez da kasualitatea denda honen aurrean agertu izana ikurra, eta jazarpen eta gorroto delitu baten aurrean egon gaitezkeela uste dugu”. Guzmanek, gainera, Memoria Historikoaren legeari ere begiratu dio: “1936an gutxienez 88 Corellako bizilagun hil zituzten frankistek eta falangistek, ulergaitza zaigu orain falangearen ikurra daramaten kartelak kalean ikustea”.