Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buruak kritika oldea eta dimititzeko eskaera ugari jaso du Erresuma Batuak Europar Batasunetik ateratzeko erabakia hartu duen erreferendumaz geroztik. Eskari horietako asko etxe barrutik etorri zaizkio Corbyni; besteak beste, laboristen parlamentari taldeak gehiengoz erabaki du bere liderrari galdatzea kargua utz dezala. Ezetz erantzun die hark, The Guardian egunkariak hitzez hitz jaso duen agiriaren bidez. Hona euskaraturik:
“Joan den asteko erreferendumaren biharamunean, gure herrialdeak desafio handiei egin behar die aurre. Gero eta arrisku handiagoen pean daude ekonomia eta bizi maila. Jendea zatiturik dago.
Kaosa dago gobernuan. Ministroek aitortu dute irteera planik ez daukatela, baina erabakita daukatela langile jendeak ordaindu beharko duela, murrizketa eta zerga gehiago ezarriz.
Alderdi Laboristak dauka erantzukizuna liderra izateko gobernuak egingo ez duen eremuan. Jendea elkarturik eraman behar dugu, gobernuari erantzukizunak eskatu, austeritateari aurre egin eta urratu irteera-bide bat lanpostuak eta diru sarrerak babestuko dituena.
Hori lortzeko elkarturik egon behar dugu. Gure alderdiko lider hautatu nindutenetik, duela bederatzi hilabete, behin eta berriro irabazi diogu gobernuari bizi mailari egiten zizkion erasoetan.
Duela hilabete, Alderdi Laborista nagusitu da udal hauteskundeetan. Joan den osteguneko erreferendumean gehiengo txiki batek bozkatu zuen [Europar Batasunetik] irtetea, baina Laborista bozkatzen duten hirutik bik sostengatu zuten gelditzeko botoa.
Ni demokratikoki hautatu ninduten Alderdi Laboristako kide eta aldekoen %60k, politika berri bat egin nezan, eta ez diot horri uko egingo dimitituz. Gaur parlamentariek eman duten botoak ez dauka barne konstituzioaren legitimitaterik.
Gurea alderdi demokratikoa da, konstituzio garbi bat duena. Gure herriak behar du Alderdi Laboristako kideak, sindikalistak eta parlamentariak baturik egotea nire lidergoaren atzean, gure herrialdearentzat kritikoa den une honetan”.