argia.eus
INPRIMATU
Corbynek Blairren bidea deseginez piztu du ilusioa laborismo britainiarrean
  • Erresuma Batuko hauteskundeetan Theresa May-k aise irabaziko duela uste zuten arren, gora eta gora ari da alderdi laborista. Azken inkesta baten arabera, Jeremy Corbyn hiru puntuko aldean geratuko litzateke soilik.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko ekainaren 08a

Hamazazpi puntuko aldea iragartzen zuten inkestek hauteskunde kanpainaren hasieran Theresa Mayren alde. Baina okertzen ari dira gauzak toryentzat eta sorpresa eman dezakete laboristek.

Inkestak baino ez diren arren, bi arrazoi nagusi egon daitezke joera aldaketa honetarako. Lehena, noski, pasa den larunbateko Londresko atentatuek utzi duten segurtasunari buruzko eztabaida eta polemika. Baina bestetik, Jeremy Corbyn buru, alderdi laboristak ezkerrera egindako itzulia legoke.

AEBetan Bernie Sandersek sortutako ikusminarekin alderatu daiteke; eliteen kontrako diskurtso gogorra eta langile klasearen aldeko neurri zehatzak proposatuz. Orain arte kolore ezberdinaren pean politika berberak egiten zituzten politikariez aspertuta, aire freskoa ekarri die Corbynek laboristei.

Hala ere ez diote horren erraz jarri. Bi aldiz irabazi behar izan ditu alderdiko primarioak, 2015ean eta 2016an, Tony Blairren zaleak kontra eduki izan baititu.

“For  the many not the few”

Hauek dira, besteak beste Jeremy Corbynen programan proposatzen dituen hainbat neurri.

- Errentaren gaineko zergaren igoera urtean 80.000 libra baino gehiago irabazten dutenentzat (biztanleriaren %5 aberatsena) eta %95ari ez igotzeko promesa.

-Sektore elektrikoaren, trenbideen, posta zerbitzuaren edo ur hornikuntzaren nazionalizazioa.

-Unibertsitate tasen abolizioa.

-Europar merkatu Bateratuan integrazioa eta aduanen batasuna (Brexit biguna).

-Zerga bereziak 20 >1 soldata eskala duten enpresentzat.

-Frackingaren debekua.

-Gutxieneko soldataren igoera: egungo 7,5 libra/orduko-tik 10 libra/ordukora.

-Doako praktiken debekua.

-Etxebizitza alokairuaren kontratuaren gutxieneko iraupena 6 hilabetetik 3 urtera pasatzea.