argia.eus
INPRIMATU
Corbyn eta Smithen artean hautatuko dute laborista britainiarrek, zatiketaren arriskupean
  • Brexitaren emaitzak bultzatu du galdeketa: Corbynek sindikatu eta militante askoren babesa du, baina aurka du Westminstergo parlamentuko diputatu laboristen gehiengo handi bat.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko abuztuaren 22a
Jeremy Corbyn –ezkerrean– eta Owen Smith –eskuinean–, Alderdi Laboristaren buruzagia hautatzeko kanpainako debate batean. [Argazkia: Wales online]

Giro nahasia Erresuma Batuko alderdi laboristan. Iazko irailean patxadatsu begiztatzen zen eszenatokia –Jeremy Corbynek %59,5eko babesarekin lortu zuen alderdiaren gidaritzan jarraitzea– erabat aldatu du Brexitak, alderdiaren biziraupena zalantzan jartzeraino. Hala, egoera bere onera itzularazteko asmoz alderdikideak bozetara deitu ditu zuzendaritzak. Lider berria aukeratuko dute, eta bi dira hautagaiak: Corbyn, orain arteko burua, eta Owen Smith diputatu galestarra.

Zatituta dago alderdia. Corbynen alde daude sindikatuak eta militante gehienak, baina aurka ditu Westminstergo diputatu laboristen hiru laudenak: Brexitaren emaitzak jakin berritan, haietako 172k bere aurkako mozio bat aurkeztu zuten, Erresuma Batuak Europar Batasunean jarraitzearen defentsa eskasa egin zuela iritzita.

“Alderdiaren ezkerrean” kokatzen dira bi hautagaiak. Sindikatuek uste dute Corbyn dela Ingalaterra iparraldeko hautesleak berreskuratzeko ezkerreko politikak bultzatu ditzakeen bakarra. Aldiz, Smithek “iraultza sozialista” bat hitzeman du, baina ohartarazi du “pragmatikoa” izango dela, “kapitalismoa suntsituz nirvana sozialistara ekarriko duen ikuspegi erromantikotik” aldenduz.

Tentsioa alderdiaren barruan

Liskartuta daude alderdiko bi taldeak, eta tentsioa erabatekoa da laboristen artean. Azken asteetan erasoak jasan dituzte zenbait kidek: Angela Eagle hautagai ohiaren bulegoko leihoari teila bat jaurti diote. Jess Phillips parlamentariari, aldiz, bere gorputza lantza batek igarota irudikatzen duen argazki bat helarazi diote: aldaketarik ezean alderdia utziko duela esan zuen duela egun batzuk.

Giro nahasiaz jakitun, ez dira gutxi izan zatiketaren arriskuaz ohartarazi dutenak. Queen Mary unibertsitateko irakasle Tim Balek The Evening Standard egunkarian idatzi du Corbyn berriz aukeratzeak “zatiketa ekarriko duela ezinbestean”. Bere aldetik, Sadiq Khan Londresko alkateak ere aldaketaren aldeko hautua egin du The Observer astekarian: “Jeremyk (Corbyn) erakutsi du ez duela britainiarren konfiantza eta errespetua lortzeko gaitasunik. Ezin dugu horrela jarraitu”. Emaitzak irailaren 21ean jakingo dira, Liverpoolen egingo den batzarrean.