Arabiar Emirerri Batuetako Industria ministro Sultan al-Jaberren arabera, erregai fosilak murrizteak ez du bermatuko garapen jasangarria. Iragan ostegunean, azaroak 30, egin da gailurraren lehen biltzarra eta abenduaren 12an egingo da bigarrena.
Arabiar Emirerri Batuetako Industria ministro eta COP28 goi-bilerako presidenteak egindako adierazpenek haserrea sortu dute. Izan ere, igande honetan, presidenteak azaroaren 21ean Nazio Batuen Erakundeko ordezkari izandako Mary Robinsonen galdera bati erantzunez egindako adierazpen batzuen berri eman dute, zeinetan presidenteak esan duen ez dagoela froga zientifikorik esateko erregai fosilen erabilera gutxitzeak garapen jasangarria bermatuko duenik. “Planteamendu negazionistekin bat-egitea” leporatu diote askok.
Emakumeak klima aldatzen du egitasmoan eman zuen elkarrizketa ministroak. Robinsonek garbi esan zuen: “Emakumeak eta adingabeak dira krisi honek beste inor baino gogorrago kolpatzen dituen sektoreak, eta hori oraindik erregai fosilak baztertzeko konpromisorik hartu ez izanagatik dator...”. Ildo beretik, COP28ak horri soluzioa eman diezaiokeela adierazi zuen, eta halako erabaki batek “sinesgarritasuna” emango liokeela. Al-Jaberren erantzunak, berriz, ezustean harrapatu zuen: “Ez nago baieztapen alarmistak berresteko moduan. Ez dago zientziarik frogatzen duenik erregai fosilak alde batera uzteak 1,5 graduko muga ez gainditzea eramango gaituela”.
Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, ordea, ostiral honetan adierazi du ez datorrela bat Al-Jaberrek egindako adierazpenekin: “Zientzia argia da: erregai fosilak erabat erabiltzeari uzten badiogu soilik lor dezakegu tenperaturaren igoera 1,5 gradura mugatzea. Ez da nahikoa erabilera murriztea; aitzitik, baztertu egin behar dira, epemuga zehatzak jarrita”: