argia.eus
INPRIMATU
COP28 goi bilkuraren harira justizia klimatikoa eskatu dute Bilbon egindako protestan
  • Protestara batutako dozenaka eragilek premiazkotzat jo dute klima krisiari aurre egitea, baina haren inpaktuei aurre egiteko “konponbide praktikoak” behar dituztela aldarrikatu dute, ez “adierazpen hutsalak”.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko abenduaren 04a
Argazkia: ELA Sindikatua

Dubain egiten ari den COP28 goi bilkuraren harira, Klima Larrialdirako Aliantzak nazioartean mobilizatzera deitu du, eta horregatik egin dute elkarretaratzea hainbat eragilek larunbatean Bilboko Arriaga plazan. Hogei kolektibo batu dira Krisi klimatikoaren aurrean, konponbideak eta ez adierazpenak lelopean; Sukar Horia, Fridays for Future, Ekologistak Martxan, Extinction Rebelion, Greenpeace eta Jauzi Ekosoziala talde ekologistak; LAB, ELA, ESK eta Steilas sindikatuak; eta Mugarik Gabe eta Ongietorri Errefuxiatuak eragileak, besteak beste. Justizia klimatikoa eskatu diete “planetarekin jolasean” dabiltzan eragile politiko eta ekonomikoei.

Eragileek beharrezkotzat jo dute krisi klimatikoari “eraginkortasunez” aurre egitea, baita “pertsonen eta ingurumenaren aldeko trantsizio ekosozial bidezko eta iraunkor bat” abiatzea ere. Horretarako ekintza eta politika zehatzak eskatu dizkiete bai udal gobernuei, bai Eusko Jaurlaritzari, bai Espainiako Gobernuari: “Konponbide praktikoak behar ditugu, eta ez adierazpen hutsalak”.

Ura zaintzea, kutsadura murriztea, justizia klimatikoa sustatzea, lobby ekonomikoen aurka borrokatzea eta klima aldaketaren ondorioak arintzea eta haietara egokitzea dira, besteak beste, eragileek eskatutako neurri zehatz batzuk. “Herritarren beharrak erdigunean” jarri nahi dituzte, eta “ez enpresa handien onurak”.